Bertizko Ate Irekien Egunean argazki lehiaketako erakusketa eta sari banaketa ere eginen dute

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 12a, 07:26
Elikagaien eta eskulanen azoka izanen da aurten ere Bertizen Ate Irekien Egunean.

Irailaren 17an Landare Azoka eta Baztan-Bidasoaldeko artisautza eta nekazaritzako elikagaien feria ere izanen dira

Bertizko Jaurerria Parke Naturalak ate irekien jardunaldia antolatu du datorren iganderako, irailaren 17rako. Babesturako gune horrekin gozatu ahalko da, jarduera ugaritan parte hartu ahalko da, bai eta inguruko nekazaritzako elikagaien eta eskulangintzako eskaintza ezagutu ere. Lehen aldiz antolatu den argazki lehiaketara aurkeztutako lanak ikusi eta bozkatzeko aukera ere izanen da. Bigarren aldiz, Landare Azoka ere eginen dute egun osoan.

 

Jardunaldia 10:30ean hasi eta 19:30ean bukatuko da, eta bertan Baztan-Bidasoaldeko talde eta erakundeek laguntzen dute.

 

Igandeko egitaraua

10:30ean Ate Irekien Jardunaldiaren hasiera.

10:30ean Naturaren aurkikuntza bisita gidatua, Mirame! Navarra al natural taldearen eskutik (5 euro).

11:00etan lorategi historiko-artistikotik eta Bertizko jauregitik bisita gidatua (doan).

11:00etan Baztango Margo Taldearekin lorategian margo saioa ikusgai.

12:00etan Bertiz mitoa eta errealitatea hitzaldia eskainiko du José Joaquín Roncal arkitektoak. Ondotik, hizlariarekin, jauregitik eta lorategi historikotik bisita eginen dute, doan.

11:00etatik 12:30era trebakuntza eta abilezia jolasak izanen dira, egurrezko jostailuekin.

11:30etik 13:00etara zirko tailerrak Nomada Zirkusekin.

17:00etan lorategi historiko-artistikotik eta Bertizko jauregitik bisita gidatua (doan).

 

Argazki lehiaketako sari banaketa eta Mendi Abesbatza arratsaldean

Aipatzekoa da lehen aldiz argazki lehiaketa antolatu dutela Bertizko Natur Parkeak eta Itxusi Argazki elkarteak, ‘Zatoz disfrutatzera Bertizera’ gaiarekin. Lanak aurkezteko epea irailaren 10ean akitu da, baina argazki lehiaketara aurkeztutako lanen erakusketa lorategian izanen da egun osoan eta goizean argazkiak bozkatzeko aukera ere izanen dute bisitariek. 18:00etan Bertizko I. Argazki lehiaketako sari banaketa eginen dute. Epaimahaiaren lehen saria 300 eurokoa izanen da eta bigarren saria 150 eurokoa, Itxusi Argazki Elkarteak eskainia. Bisitarien saria 200 eurokoa izanen da.

18:15ean Doneztebeko Mendi Abesbatzaren kantu emanaldia Bertizko lorategian. Kontzertuaren programaren zati handiena euskal folkloreko obrek osatuko dute. Horien artean, guziontzat ezagunak diren doinu goxoak izanen dira, Xalbadorren heriotzean  eta Baratze bat erraterako, eta baita euskal musika koraleko obra garrantzitsuenetariko batzuk ere. Horien artean Lekarozen hainbat urtez bizi izan zen Aita Donostia konpositore handiak protagonismo berezia izanen du bere bi doinuren eskutik: Alduden gizonik ez eta Hiru txito.

Egun horretan, lorategi historiko-artistikoaren sarrera doan izanen da 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun