Euroeskualdeak finantzaturiko proiektuen %78an parte hartu du Nafarroak 2017ko lehen deialdian

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 21a, 07:10

Bertizen egin zuen bilera Akitania, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboak.

Kultura, hezkuntza eta gazteria, eleaniztasuna eta kirol arloko 18 proiektu dira, tartean ‘Karmen Etxalarkoa’ Pastorala

Nafarroak parte hartu du 2017ko laguntzen lehen deialdian hautatutako 23 proiektutatik 18 proiektutan; beraz, parte-hartze maila %78koa da. 18tatik 16 hiru bandakoak dira, Akitania Berriak, Euskadik eta Nafarroak garatuak; bertze biak, berriz, Frantziako eskualdearekin garatutakoak. Hori adierazi dute Bertizko Jauregian Euroeskualdeko Batzorde Exekutiboaren bilera ondoren emandako prentsaurrekoan. 

 

Bertzeak bertze, Akitania Berria, Euskadi, Nafarroa 2017ko Deialdiaren lehen saioaren esparruan hautatutako 23 proiekturen zerrenda eman dute; deialdiak 400.000 euroko hornidura du. Ekitaldian izan dira Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollo; Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari orokorra den Marian Elorza; eta Nouvelle Aquitaniako Eskualdeko eskualde kontseilaria, Mugaz haraindiko Lankidetzarako delegatua, Mathieu Bergé.

Topaketan zehar iragarri dute aurtengo laguntzen bigarren deialdia, 300.000 euroko hornidura izango duena, irailaren erdi aldera jarriko dela abian, eta proiektuak aurkezteko 5 asteko epea emango dela. Bigarren deialdia Euroeskualdeko estrategiaren 2. ardatzarekin bat dator; hau da, "Enpresen ezagutza-berrikuntza-lehiakortasunaren ekonomia", eta arlo nagusiak hauek izango dira: aeronautika eta garraioa; osasuna/Bio-osasuna; nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria; eraikuntza iraunkorra (zura); energia berriztagarriak; eta itsasoko eta itsasertzeko baliabideak.

Nouvelle Aquitaine-Euskadi-Nafarroa proiektuen deialdiaren helburua da lankidetzako jarduerak sustatzea hiru lurraldeetan kokatutako aktore sozio-ekonomikoen artean, guztien arteko proiektuak garatzeko; era horretan, baliabide ekonomikoak sektore giltzarrietan erabili ahal izango dira. Hori dela-eta, Euroeskualdeak erabaki du lankidetza estrategikoak finantzatzea, sektore horietako kide ezberdinek elkar ezagutu, elkartu eta elkarren osagarri izan daitezen, aurrerago sinergiak sortu eta elkarrekin erronka berriei aurre egite aldera: ikerketa-proiektuak, berrikuntzakoak, nazioartekotzekoak eta elkarrekin prestatzekoak Europako proiektuen deialdietarako. Gogoratu behar da hiru eskualdeen azalera osoa 100.000 klometro koadrokoa dela, 8,5 milioi biztanleko biztanleria dutela eta 11 unibertsitate dituztela (250.000 ikasle). Euroeskualdearen BPGd-a 235.000 milioi eurokoa da.

 

Nafarroako parte-hartzea duten 18 proiektu

Aurrean esan bezala, hautatutako 23 proiektutatik 18k Nafarroako Foru Komunitateko entitate, erakunde eta elkarte ezberdinen parte-hartzea dute. Bertze 5ek Euskadi eta Akitania Berriko erakunde eta elkarteen arteko lankidetzarekin aterako dira aitzinera. Nafarroako parte hartzea izanen dutenen artean, 10 proiektu kultura arlokoak dira (tartean ‘Karmen Etxalarkoa’ Pastorala), 5 hezkuntza eta gazteriakoak, 2 eleaniztasunaren ingurukoak eta azkena, kirol arlokoa.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun