Isabel Elizaldek, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Kontseilariak, deialdi hauen edukia aurkeztu zuen Bertizko Jaurerria Natur Parkean ekainaren 5ean, Ingurumenaren Munduko Eguna ospatzen zela. Ekitaldian, honako hauek ere izan dira: Fermin Olabe, Ingurune Naturaleko zerbitzuko zuzendaria eta Gregorio Oyeregui, Eskualde Atlantikoa Kudeatzeko Ataleko burua.
Bi deialdiak Europako Baso Estrategiaren eta Nafarroan egiten ari den Klima Aldaketaren Ibilbide Orriaren orientazioekin berariaz lotuta daude. Era berean, FOREST EUROPE ekimenean jasotzen diren irizpideei erantzuten diete: basoko baliabideak mantentzea eta sustatzea eta karbonoaren zikloari, osasuna mantentzen eta baso-sistemen bizitasunari laguntzea.
Zentzu horretan, kontseilariak hauxe adierazi du: «askotan, basoaren kontzeptua zura eta egurra aprobetxatzearekin nagusiki lotu da. Ikuspegi isolatu hori ez da egokia, erabilera publikoa, paisaia, naturaguneak, espezieak edo habitatak, ehiza, ura, landare aromatikoak edo onddoak ere basoaren kontzeptuaren barrenean daude».
Landa Garapeneko kontseilariak erran du kudeaketarik gabe ez dagoela kontserbaziorik. «Basoen kudeaketa iraunkorrak, epe luzera, gure baso-sistemen hobekuntza ekarriko du, horrek dakartzan zuzeneko nahiz zeharkako onura guztiekin. Horrela, landa-populazioak finkatu, lanpostuak sortu eta basoko suteak prebenituko dira; baita higaduraren kontra borrokatu, material berriztagarriak erabili (esaterako, zura) eta mendekotasun energetikoa txikiagotu ere», adierazi du.
Laguntza horiek aukeratzeko irizpideek Natura 2000 Sarean barne hartzen diren baso-lurretan, erabilera publikoko mendietan, antolamenduko mendietan eta baso-kudeaketa iraunkorrean ziurtatutako lurretan egingo diren eskaerei lehentasuna emango diete. Oinarrietan ezartzen den moduan, basoberritzeetan ingurunera egokituta dauden espezieak bakarrik erabiliko dira. Horren harira, kontseilariak aipatu du ezinbertzeko alderdia dela hori klima-aldaketara egokitzeko politiketan. Beraz, basoko lanek, hainbat helbururi emanen diete erantzuna Elizalderen ustez. Horrela, «aurrekontuak hobetuko dira eta diru-laguntza izateari utziko diote, landa-inguruneko estrategia oso baten eragile bihurtzeko».
Izan ere, datozen hilabetetan hasiko du Nafarroak finkatzen hurrengo urteetarako baso-estrategia, Nafarroako Basogintza Plan berria zehazten hasten denean. «Horri esker, industriak, taldeek, herritarrek eta arduradun publikoek ikuspegiak eta estrategia partekatuko dituzte».
Deialdiak
Ekainaren 5ean argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2017-2018 deialdia toki entitateek eta eragile pribatuek sustatzen dituzten basolanetarako. Aurrekontua 2,3 milioi eurokoa da. Horietatik, 2 milioi toki entitateetarako dira, eta gainerako 300.000ak, eragile pribatuentzat. Emandako diru-laguntza % 50ekoa da.
Laguntza horiekin, larreak hobetzen dira, basoberritzea errazten da, basoko bideak eraikitzen dira, bai suteak prebenitzeko bai basoko produktuak erabiltzeko; mendien gizarte erabilera errazten duten basoberritzeak eta proiektuak. Sektoreko eragileek 2016. urtean eskatu zutenez, laguntzak bi urtekoa izaten jarraituko du, baso-jarduera asko azarotik otsailera bitartean egiten direla. Beraz, lanak 2018ko urrira arte egin ahalko dira. Helburua da baso-eremuak garatzeko jarduerei laguntzea eta basoen eta haien ingurumen-balioak hobetzea.
Deialdi honek berri argitaratutako beste batekin (maiatzaren 31ko NAO) bat egiten du, sektoreko enpresentzat zena eta 450.000 euroko aurrekontua zuena. Laguntza horiek, baso-aprobetxamenduetan eta zuraren lehen transformazioko industrietan aplikatutako teknologia hobetzen laguntzeko izango dira. Asmoa da basogintza lehiakor eta iraunkorra garatzen laguntzea Nafarroan, modernizazio-baldintzak sortuz, sektore honek landa-eremuetako bizitza susta dezan eta Nafarroako ekonomikoan eginkizun garrantzitsua izan dezan.
Bertze laguntzak
Bertzalde, duela gutxi, Nafarroako Gobernuak 548.442 euroko inbertsioa onetsi zuen Irunberri, Ibargoiti, Tafalla, San Martin Unx, Saldias, Eratsun, Beruete, Igantzi eta Arantza mendietan antolamendu-proiektuak idazteko. Horrez gain, gaixotasunek eragindako masak berritzeko bi proiektu diruz lagunduko dira. Horrela, eremura egokituta dauden espeziekin berrituko dira paraje horiek eta basoko suteak prebenitzeko eta erabilera publikorako bi azpiegitura hobetuko dira.