Bertizko artisau denda inauguratu du Baztan-Bidasoa Turismoak

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 24a, 12:57

Bertizko artisautza dendaren inaugurazioa egin dute maiatzaren 24an.

Itziar Mielgo eskulangileak kudeatzen du martxoaz geroztik

Baztan-Bidasoa Turismoak Bertizeko artisau dendaren inaugurazioa egin du maiatzaren 24an. Itziar Mielgo artisau eta bazkideak martxoaz geroztik denda kudeatzen du eta kide guziei harrera egin zien egun horretan bere dendatxoa erakusteko.

Inaugurazio ekitaldian Itziar Mielgorekin batera, Mikel Albisu eta Marijoxe Iparragirre izan dira, Baztan-Bidasoa Turismoako lehendakaria eta lehendakari ordea, hurrenez hurren.

Denda, Landa Turismoko eraikinean kokatuta dago eta egunero zabalik da, 10:00etatik 18:00etara.

Itziar Mielgok berak Ixiart zigiluarekin egindako zur-lanak topa daitezke dendan, baita bertako produktuen eskaintza zabala ere: gasna, oliba olioa, patxarana, Arizkungo mojek egindako kremak,… Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargotik diotenez, «Eskutik eskura filosofiaren baitan lan egitea da Elkargoaren nahia. Gure establezimendu guztietan, landetxe, hotel, jatetxe edo aktibitate enpresatan,…bezeroek “gu garena” aurkitzea nahi dugu; garen bezala ezagutu gaitzaten».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun