Bertizek, abuztuan izan zuen bisitari gehien 2016an, 15.288 lagun; urte osoan zehar 84.493 bisitari izan zituen. Horrek erran nahi du % 5,5 hazi zela bisitari kopurua 2015. urtearekiko. Lorategi historikoa bisitatu zuten bisitari aunitzek, bisitari guztien % 58,28k (49.243 lagunek); gainerako 35.250 bisitariak basoan ibili ziren.
Aurreko urteetan bezala, Nafarroakoak (% 20) eta Euskadikoak (% 19) ziren bisitari gehienak; ondotik, Madril, Katalunia, Valentziako Komunitatea, Aragoi eta Errioxa. Bisitari atzerritarren portzentajea % 3koa izan zen; gehienak Frantziakoak izan ziren.
Bertizko lorategi historikoa
2016an zehar parkean egindako lanei dagokienez, garrantzitsuenak izan ziren pisten mantentze-lanak egitea, lorategi historikoaren egoera ebaluatzea urtetan lagata eduki ondoren, eta garbiketa- eta mantentze-lanak egitea, interes handiko elementu historikoak berreskuratzeko. 100 urte baino gehiago ditu lorategiak, eta mundu osoko 126 espezie ezberdin ditu: Txinako ginkoak, Kaliforniako sekuoiak, Balkanetako gaztainondoak eta nenufarrak, Naturaren Interpretazio Zentro bat eta jauregi ederrak. Gainera, zazpi arotz-txori espezieak dituen Iberiar Penintsulako habitat bakarra da.
2017an lorategiko elementu nagusiak berreskuratzea eta garbitzea aurreikusten da (parterreak, denboraldiko loreak, sastraka-garbiketa eta exotikoak kentzea, konposizioak birdefinitzea). Gainera, indartu egingo dira jauregiaren azpiegiturak, eskualdeko, probintziako, nazio zein nazioarte mailako gertakariak hartu ahal izateko eta, era horretan, eskualdearen alderdi soziokulturala eta ekonomikoa sustatzeko.
Jauregi zaharreko baratzea berreskuratzeko proposamenak ere planteatzen dira; baratze hori bere garaiko eta gaur egungo funtsezko elementu sozioekonomiko eta kulturala da. Bestalde, unibertsitateekin eta ikerkuntza-zentroekin kontaktuak hasiko dituzte, parkearen balio ekologikoak ezagutzearekin eta kontserbatzearekin lotutako proiektuak garatzeko. Azkenik, udako nazioarteko kanpaldi baterako deialdia egiteko asmoa dago, parkearen ondare arkitektonikoa eta ekologikoa berreskuratzeko helburuz.
Batzarrean nabarmendu zenez, Departamentuaren helburuetako bat da parkearen dinamizazio handiagoa lortzea, patronatuko kideen laguntzarekin. Horretarako, bi lan-mahai antolatuko dira, Aizkolegiko jauregia berreskuratzeko aukerak aztertzeko eta erabilera publikoa aztertzeko.