Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko lorategi historikoan, Lorategi bat lorategian erakusketa berezia eginen dute uztailaren 20tik irailaren 4ra, hostoak, adarrak, soinuak eta argazkiak bilduz. Alde batetik, Maite Ortega murtziarrak argazkiak erabiliko ditu, hari, lore, hosto edo errekorte bidez aldatu eta bere nortasun propioa emanez. Lorategia eta memoria uztartuko ditu, erakusketa aretoa hartuko duen familia-zuhaitz baten bidez. Mikel R. Nieto donostiarrak, berriz, soinuarekin modu artistikoan egiten du lan, egoera espezifikoak sortuz. Leku bakoitzaren soinu-nortasuna ezagutzea du helburu. Horretarako, grabaketak eginen ditu lorategian eta inguruan, gordean dagoena eta somatzen ez dena agertaraziz.
Sormen-prozesuaren bukaeran, lorategi berri bat agertuko da lorategian.