Giro bikainean hasi dituzte Legasako bestak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko abu. 28a, 11:15

Giro ederra izaten dute zikiro jatean

Ortzegunean, abuztuaren 27an, ilunabarreko 20:00etako suziriarekin hasi zituzten Legasako San Agustin bestak. Suziria lehertu ondotik, 21:00etako zopa jatea bitarte, danborradak girotu zuen herria. Gauez dantzaldia izan zuten, DJ Tirri&Tery-ren eskutik.

 

Abuztuaren 28a, ortzirala, 07:00etako aurora eta plazako gosariarekin hasi dute. 11:00etako Meza Nagusitik atera eta Herriko Elkartera joan dira, luntxa prest baitzuten. Arratsaldeko 17:00etan mus txapelketa jokatuko da. 20:00etan Oharkabe taldea arduratuko da herritarrak dantzan jartzeaz. 22:00etako xingar jatea eta suzko zezenaren ondotik, Oharkaberen musikaz gozatzeko aukera izanen dute.

Abuztuaren  29an, larunbatean, ttikienek haur-jokoetan aritzeko tartea izanen dute. 11:30etan mus txapelketako finala jokatuko da. 14:00etan zikiro jatea izanen dute, eta gauerdiko Trikidantz taldearen emanaldira bitarte Dj Txingudi izanen da.

Abuztuaren 30a, igandea, hondar eguna izanen da. 10:00etan pilota partidak izanen dituzte. Arratsaldean, 17:00etan herrikoen arteko herri-kirolak izanen dira. Segidan, 18:00etan triki jaialdia izanen dute eta 20:00etako Elizagoeien ahizpen eskutik dantzaldirako tartea izan ondotik, taloa jateko parada izanen dute. 22:00etako suzko zezenarekin bukatuko dituzte ekitaldi anitzeko lau egunetako bestak.

 

Erlazionatuak

Legasako besten inguruan solasean

Xorroxin irratia 2015 abu 28 Bertizarana

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun