Legasako Arcelor Mittal Distribución (AMDS Processing) lantegiaren egoeraz eta etorkizunaz kezka agertu du langile komiteak, prentsa ohar baten bidez. «Arcelor-ek gure enpresa sortu zuenetik 4 urte pasatu direnean, gure etorkizunari buruzko inolako informaziorik gabe jarraitzen dugu, hori gutti balitz enpresa enplegua suntsitzen ari da, lantegian gauden langileak dagoen lan zamarekin gainezka gauden bitartean» diote.
Espainia osoan enpresa honek 1.500 langile zituen 2009an eta 2012an 600 baino gutti gehiago ziren. Legasako lantegiaren kasuan, 2010etik honat 60 lagun guttiago ari dira lanean.
Langileek aipatu dutenez, «egoera kaotiko bat bizi dugu lantegian, antolakuntza falta izugarria dago eta planifikazio eza egunero ikusten da, egunero batetik bertzera pasatzen garelarik inolako ordenik gabe. Horren adibide da uda baino lehen enpresa interpelatu behar izan genuela eta Lan Ikuskaritzan salatzeko mehatxua egin ohar zitezen biltegiaren egoeraz, langileen osasuna arrisku larrian zegoen eta».
Gaur egun 119 langile ditu lantegiak, nahiz eta enpresatik 73 langilerekin lan egin nahi zutela aipatu. Baina 5 lankideri ez zaie kontratua berritu, lan zamarik ez omen dagoelako eta aldi berean 3 eta 2 txandatara lan egiten ari dira. «Gaur egungo lan zamarekin ezinezkoa da egoera honetan dauden langileek (gehiengoa) bere oporarak disfrutatzea» diote komitetik eta hau dena, gaur egungo egoeran «lotsagarria» dela.
Gertatzen ari den guztiari azalpen logiko bakarra aurkitzen diote, «Arcelor Mittal bezalako multinazional bat dirua irabazteko munstro bat dela, eta beraien diru-gosea aseezina da eta horretarako berdin zaie langileak odol husten uzten baditu ere».
Komitetik Arcelor Mittal Processingo exijitzen diote ahalik eta azkarren bideragarritasun plan bat bat mahai gainean jartzea, «dagoen lan zamari eta etorkizunerako aurreikusten denari aurre eginen diona eta argi eta garbi erran dezala zer egin nahi duen gure enpresarekin», gainontzekoak mobilizazioak eta protestak konbokatuko baitituzte.