Aurpegi ona eguraldi txarrari, hori izan da inauterietako laburpena. Aspaldi gogoratzen diren euritsuenak izan ditugu , baina eguraldia ez da eragozpena izan besta egiteko. Ortzeguneko gaztetxoen egunarekin hasi ziren eta koadrila polita osatu zuten, bai gaztetxoek baita gurasoek ere. Ortziralean 45 bat lagun bildu ziren ostatuan afaltzera eta giro paregabea izan zen gauean. Larunbat goizean gosaldu ondotik 30 bat lagunek herriari buelta eman zioten, meritu ederrarekin eurite ederra bota zuen eta. Gauean ostatuan afari ederra izan zuten eta inauteak akitzeko, igandean mus eta partxis txapelketak antolatu ziren.