Ez du hutsik egin bere hitzorduari, urtero bezala menditik jaitsi zaigu Olentzero. Zaldi batek ekartzen zuen gurdi baten gainean exerita agertu zen, bere alboan astoa opariz beterik zuela. Herrian barna jendearen gutunak biltzen ibili ondoren, trinketean ogitarteko bat eta ardo tragoxka bat hartu eta bere martxa jarraitu zuen, jakina baita Olentzerok berea duen egunean lan asko izaten duela.
JAIOTZA BIZIDUNA
Eguberri egunean meza ondoren jaiotza biziduna izan zen elizan. Ospakizun honek bere lekua hartu du herriko eguberrietan eta ohitura bihurtu da. Ez da errexa izan jendea biltzea, baina aurten ere hogei bat bolondres elkartu eta ikuskizun polita eskaini zuten.