Giro ederrean joan zen San Andres Eguna

Martin BERTIZ 2012ko abe. 12a, 13:07

Krisi garaiak direla, aurreztu beharra dagoela horrelakoak entzuten ditugu egunero, orduro eta minutuero. Baina honek berdin du, jendeak ongi pasatzeko gogoz segitzen du eta aurten ederki erakutsi du Narbarteko herriak entzuten direnak entzunda umoretsu segitzen duela. Azaroaren 30a zen San Andres eguna, eta ohoretzeko 11:00etan meza izan zen, ondoren nahi zuen guziarendako luntxa ostatuan. Eguerdian herriko alkateak eta zinegotziek ostatuan bazkaldu zuten eta arratsaldeko 5ean txokolatada egin zen.

HERRI BAZKARIA

Biharamunean, larunbatean, herri bazkaria egin zen eta 70 bat lagun bildu ziren. Segidan, Agerralderen musikarekin gozatzeko aukera izan zen.

Esan beharra da Bertizaranako Udalak arratsaldean haurrendako tailerrak antolatu zituela eta bai gustora egon zirela gaztetxoenak jolasean. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun