Larunbatetik aitzinera, Legasara hurbiltzen diren bisitariek aterpe berriaz gozatzeko aukera izanen dute. Eguerdiko 12:00etan zabalduko ditu ateak Katalin aterpeak eta asteburu guztian zehar, instalazioak bisitatzeko aukera izanen da. 46 pertsonendako lotarako lekua du eta ezinduentzat egokitua dago. Lau, sei, hamar edo hamabi lagunentzako gelak eskaintzen dituzte eta bakoitzak bainugela eta dutxa dauka. Horretaz gain, taberna eta jatetxea ere baditu, 60 lagunentzako jantokiarekin. Bertako produktuekin egindako menu tradizionalak emanen dituzte eta asteburuetan taloak eta gaztanberak dastatzeko aukera ere izanen da. Gainera, haurrek ez dute aspertzeko betarik izanen, puzgarriak eta ludoteka zerbitzuak ere jarriko baitituzte.
Herritarrek egindako lanari esker berritu da etxea. Aterpe berriarekin herrira bisitariak erakarri eta herria biziberritzea espero dute. Legasako udabaltzak finantzatu du proiektua eta Cederna Garalur elkartearen eta Bertizaranako Udalaren laguntza izan du. Eraikinaren gestioa BKZ enpresaren esku geratu da.
Inaugurazio ekitaldiak
Inaugurazio egunak, Santa Katalina egunarekin bat egiten duenez, besta egun handia antolatu dute. Goizeko 11:00etan Laxoa erakustaldia izanen da eta 12:00etan aterpearen inaugurazio ekitaldia eginen da. Aurreskua dantzatuko dute eta bertaratzen diren guztiei luntxa emanen diete. Eguerdian herri bazkaria eta asteburu guztian zehar, aterpeko instalazioak barrutik ezagutzeko aukera egonen da. Larunbatean, haurrendako puzgarriak, surf simulatzaileak, Bidasoako trenbidetik barna ibiltzeko bizikletak eta bertze hainbat ekintza antolatu dituzte. Arratsaldean, taloak eta gaztanberak jateko aukera egonen da. Informazio gehiago nahi dutenek 948 59 23 22 telefonora deituta edo www.navarraaventura.com helbidean sartuta eskuratu dezakete.