Abuztu hondarrean sartuta, Legasako San Agustin bestek hartuko dute herriz herriko besten lekukoa. Astelehen ilunabarrean 20:00etan botako da bestei hasiera emanen dien altxaferoa eta ondotik trikitilariek karrikak alaituko dituzte. Gero, buruhaundiak eta tanborrada izanen dira eta gauean Frantziskorekin dantzaldia.
Asteartekoa izanen da bestetako egun haundia, San Agustin eguna. 07:00etan aurorak izanen dira eta ondotik gosaria herriko plazan. 10:00etan argisoinuak izanen dira eta 11:00etan Meza Nagusia. Ondotik dantzariek euren saioa eskainiko dute plazan eta 12:00etan luntxa emanen dute. Arratsaldean, 17:00 aldera, mus txapelketa jokatuko da eta 20:00etan buruhaundiak aterako dira. 21:30ean suzko zezenaren txanda izanen da eta 22:00etan kerren afaria plazan. Arratsaldez eta gauez Franziskoren eskutik dantzaldia izanen da.
Asteazkenean, abuztuak 29, haurrak izanen dira protagonistak. Goizean haur eta helduendako hainbat jarduera izanen dira, tartean puzgarriak eta BKZren eskutik bertzelako ekintzak. Arratsaldean haurrendako tailerrak eta txokolatada eskainiko dira eta afalondoan haurrendako film bat izanen da i.
Ortzegunean, abuztuak 30, 10:00etan Belate, Baztanibar eta Legasa lotuko dituen mendi itzulia abiatuko da. Kerren gosaria eginen dute Baztanibarren. Eguerdi partean herrian bazkaria eginen dute.
Ortziralean, goizeko argisoinuen ondotik, plater tiroketa txapelketa jokatuko da 10:00etan. Ordu berean haurrendako jokoak izanen dira eta 14:00etan zikiro jatea. Arratsaldez eta gauez DJ Josek alaituko ditu bazterrak.
Larunbatean 10:00etako argisoinuen ondotik, 11:00etan pilota partidak jokatuko dira eta ondotik pilotariendako gosaria eskainiko da. 18:00etan herri kirol erakustaldia izanen da eta 21:30ean suzko zezena. Arratsaldez eta gauez Aierrik taldearen eskutik gaupasa izanen da eta ondotik, Gaixoa ni.
Igande arratsaldean, 15:30ean plaza garbitzeko deialdia zabalduko dute eta 21:00etan bokadillo jatea eginen dute.