Asteazken eguerdiko suziriarekin hasiko dira Narbarteko San Felipe bestak

Ttipi-Ttapa 2012ko abuztuaren 21a

Herriko gazteak herri kirol saioaren ondotik.

Hori baino lehen haurrendako jokoak izanen dira

Asteazkenetik igandera izanen dira Narbarteko San Felipe bestak. Lehenbiziko egunean, bertzeak bertze, etxez-etxe eskean ibiliko dira. Ortzegunean, San Felipe eta Haurren Eguna izanen dira eta ortziralean gazteek hartuko dute lekukoa. Larunbatean zikiro-jatea eginen da eta igandean herri kirolak izanen dira.

Besten lekukoa Narbartek hartuko du asteazkenetik aitzinera, San Felipe bestak abuztuaren 22an hasiko baitira. Egun horretan, 10:00etan haurrentzako jokoak izanen dira eta 12:00etan botako den suziriarekin hasiko dira ofizialki bestak. Ondotik, ezkil jotzea izanen da. 13:00etan bazkaria eginen da Herriko Ostatuan eta bazkalondoan, 15:00etatik aitzinera, etxez-etxeko itzulia eginen dute narbartearrek, Oihana Mindegia eta Oihana Elizalde musikarien laguntzarekin. 17:00etan haurrendako txokolatada izanen da eta 21:00etan zopak Herriko Ostatuan. Gauez, berriz, dantzaldia izanen da Agerralde akordeoilariarekin.

Egun nagusia ortzegunekoa izanen da, San Felipe eta Haurren Eguna. Egun horretan, 12:00etan, Meza Nagusia izanen da eta ondotik, dantzarien saioaren txanda izanen da. 13:00etan mendian bazkaria eginen da eta 15:30ean plater tiroketa. 18:00etan mus eta partxis txapelketa jokatuko da eta ordu berean, haurrendako merendua ere eginen da. Arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Santxotenarekin.

Ortziralean, abuztuak 24, gazteek hartuko dute besten testigua. 14:00etan gazte bazkaria eginen da eta ondotik karaokea. 18:00etan tortilla lehiaketa eginen da eta 20:00etan Agerralderekin dantzaldia izanen da. 00:00etan Zopilotes taldeak kontzertua eskainiko du eta ondotik, berriz ere Agerralde ariko da.

Larunbatean, abuztuak 25, zikiro-jatea eginen da 14:30etik aitzinera. Bertsolariak ere lanean ariko dira eta arratsaldez Joxeanjelekin dantzaldia izanen da. Gauean Trikizio taldeak alaituko ditu bazterrak.

Hondarreko egunean, igandean, 19:00etan herri kirol saioa jokatuko da eta 20:00etan Etxalarko neskek eskainiko dute dantzaldia. Gaixoa Ni kantatuz emanen zaie bestei bukaera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun