Bertze garai batean murgilduko gara, jauntxo eta jauregien garaietan, baina horretarako atzera begiratu beharra dago, mende pare bat atzera, hain zuzen. Gure inguruan, bertze garai bateko eraikinak ikusten ahal ditugu, historiaz beterikoak; abentura liburu ederren orriak ederki beteko lituzketenak.
Baina oraingoan, ikusten ez den jauregi batean jarriko dugu arreta: Etxandiko jauregian. Tipulatzeko auzoan jaio eta hil egin zen jauregia eta gaur egun, izan zenaren pareta triste eta luze bat bakarrik gelditzen da.
Jauregi honen nondik norakoak jakiteko Juan Agustin de Ustariz Etxandiko markesari erreparatu behar diogu, bera izan baitzen jauregia eraikitzeko agindua eman zuena. Juan Agustin 1742tik Cadizen bizi zen eta merkataritza zuen labide. Markesadoa eta Santigoko jantzia lortu zituenean, Tipulatzeko auzoan jauregi bat eraikitzea erabaki zuen, hau da, bere sortetxearen ondoan. Horretarako botere guztiak Lakoizketako Anbrosiori eman zizkion, eraikinaren gidaritzaz arduratzeko.
1764an Anbrosio, nonbait, ez zegoen konforme harginaren lanarekin eta auzitegietara jo zuen. Epaiketaren erabakia Iruñeko hargin nagusia peritu izendatzea izan zen eta eraikuntzak aitzinera segitu zuen.
Garai berean, Juan Agustinen Reparatzeko lehengusuak bere jauregia eraikitzeko agindu zuen, baina Oieregin. Bi eraikinak berdinak ziren, altuera, balkoi, dorre eta norabide berarekin, baina dirudienez, Narbartekoa pixka bat handiagoa zen, solairuko 580 metro koadrorekin.
Behin jauregia akituta, jabea noiz etorri esperoan zeudenean, Anbrosiok kaperau bat izendatu zuen jauregirako: Juan Iribarren. Juan hogei bat urtez egon zen markesaren esperoan, baina ez zen sekula agertu eta bera izan zen jauregiak izan zuen bizilagun ezagun bakarra.
Juan Agustin 1781ean hil zen eta jauregia Migel Josephren eskuetara ailegatu zen herentziaz. Baina Migelek ez zuen inolako interesik bere aitaren jauregiarekin, ez aitaren sorterriaz, ezta markesadoaren nondik norakoez ere. Migelek jauregiarekin egin zuen bakarra Lakoizketako Juan Bautistari, Anbrosioren semeari, botereak ematea izan zen.
1793an, soldadu frantsesek jauregi barrenean harrapatu zuten guztia eraman eta su eman zioten, nagusia Indian zegoela. Narbarte, bitartean, bi urtez konbentzioko armadak okupatua egon zen eta luze gabe, Napoleonen aldekoek berriz jauregian harrapatu zuten guztia eraman eta erre zuten. Gerra Karlista ailegatzerako jauregiaz ia ez zen deus dezenterik gelditzen.
Migel Joseph 1820an hil zen eta Juan Bautista Lakoizketarrak alabei idatzi zien jauregiaren egunerokoaz. Alabek herentzia banatu zuten eta titulua Ustarizko Maria Luisak heredatu zuen eta zelaia eta jauregitik gelditzen zena Francisca de Paula Ustaritzendako izan zen. Paulak testamentuaren bidez, Migel Mari Lakoizketakoari eman zion.
Denborarekin, jauregia Arribilagako etxearen eskuetara ailegatu zen eta gelditzen ziren pareta zaharrak lurrera bota zituzten; harri onak Doneztebeko Errotaldea etxea eraikitzeko saldu zituzten eta gainerako harriarekin Narbarteko plaza egin zuten.
Gaur egun, Tipulatzetik pasatzean, ez gara ohartzen Etxandiko txokoak historiaz beterik daudela, denboraren poderioz isildu diren istorioz beteak.