Nafarroko Gobernuaren mende dagoen enpresa publikoa da Nasursa, eta etxeak eraberritzeko dirulaguntzak kudeatzeaz gain, udalek bere zerbitzua kontratatzen dute etxebizitzen inguruko gaietan aholkularitza eskaintzeko. Eskualde guztirako bi arkitekto eta aparejadore bat daude. Baina joan den urte bukaeran, arkitekto bati ez zioten kontratua luzatu murrizketak direla eta.
Horren aitzinean, zonaldeko udal guztiek eskutitz bat bidali zioten Anai Astiz Sustapen eta Etxebizitza kontseilariari, arkitekto hau berriz ere kontratatzeko eskatuz. Ez zutenez erantzunik eman, bigarren eskutitz bat bidali zitzaion martxoan, Anai Astizekin bilera eskatuz. Hain zuzen, bilera hori martxoaren 20an egin zen Narbarten.
Bilera horretan kontseilariak adierazi zuenez, zerbitzua bermatzen saiatuko dira eta ekainean egoeraren gaineko balorazio bat eginen da, berriz ere bilera batekin egoera aztertzeko.