Hasierako ilusioa bestondoan bilakatuta akitu dira inauteriak

Martin BERTIZ 2012ko martxoaren 7a

Kuadrilla ederra ibili da aurten ere etxez-etxe. Martin Bertiz

Giro eta umore ederrean joan dira haur, gazte eta helduentzat

Afaltzeko ardua da, jendea mozorrotorik ostatuan agertzen hasi da, ilusioa nabaria da, edozein lekutara begiratu eta besta egiteko gogoa ikusten da. Horixe izan zen inauteriak hasi baino lehen gertatu zena. Eta orain, pasatu direla, gustura ­joan zaizkigula erraten ahal dugu, umore onez eta giro ederrean.

Ederki pasatu zen ortziral gaua, goizeko ordu ttikietara ailegatu zen besta eta batzuendako gosarira arte.

Gosaldu ondotik, berriz mozorrotu eta hain­ gustura hartzen den etxez-etxeko bisita egitera joan ziren gaz­teak­.

Gauean, berriz, afaria izan zen eta aguantatuz gero, gaupasan segi. Horrelaxe joan zaizkigu aurtengo inauteriak, hasierako ilusioa bestondo ederrean bihurtuta.

 

Ortzegun Gizena

Herriko haurtxoek ere ederki pasatu zuten inauterietako bere egunean, Ortzegun Gizen egunean. Gurasoak medio zirela, mozorrotuta herriko etxeak­ bisitatu zi­tuzten. Eguerdian eder­ki bazkaldu zuten ostatuan eta jarraian, jokoz be­tetako arratsalde polita pasatu zuten. Seietan jende guziarendako berendu bapoa eskaini zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun