Lau ikasle gehiago izanen dira hurrengo ikasturtean

TTIPI TTAPA 2012ko otsailaren 22a

Goiko argazkia eskola ireki zen 84-85 ikasturtekoa da eta beheitikoa aurtengoa. Utzitako argazkia

Aurrematriku­lazio kanpaina akitu da eskolan

Aurtengo aurrema­trikulazio kanpaina otsai­laren 6tik 13ra bitarte izan da eta berri ona dugu, lau haur gehiago izanen baitira eskolan hu­rrengo ikasturtean.

Erran daiteke, eskolak lasaitu izpi bat hartu duela. Lau ikaslerekin egon zen 2009-2010 ikasturtean, baina hau­rrak jaiotzen ari zirela ikusirik, ez ixtea erabaki zuen Nafarroako Gobernuko Hez­­kun­tza Departamentuak.

Legasako eskola ez da oraingoa. 1984-1985 ikasturtean ireki zen lehen aldiz, urte aunitzez itxi­ta egon ondo­tik. Gaur egun, Kukun aurkitzen den eskola berritzen ari zirela eta, Kapaineko eskola zaharrean 15 neska-mutil hasi ziren erran­dako urtean.

Bertan, maixu gaz­te­-gaztea zen Karlosek hasiera eman zion hain­bertze urteetan bere lantoki izan den eskola honi.

Ikasturte bat beranduago, hau da, 1985-1986an eskola berria estreinatu zuten 23 ikaslek. Erran, eskolaren historian ikasturte horretan izan zela ikasle kopuru haundiena.

Ikasle guttien izan zuen ikasturtea, ordea, lehen aipatu bezala, 2009-2010 izan zen, lau ikaslerekin.

Aurtengoan, berriz, zortzi ikasle dira dagoeneko eta hurrengo urteari begira ere goruntz doa ikasle kopurua. Heldu diren urteetarako aurreikuspena ere hagitz ona da. Urtero jaio­tzak izaten ari dira eta horrek lasaitasuna ematen dio gure eskola ttikiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun