Lehendakariak edo alkateak eta lau bokalek osatzen dituzte Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuetako juntak. Lau urtetik behin deitzen dira ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak baina azken urteetako deialdiek ez dute arrakastarik. Ez da zerrendarik aurkezten eta badirudi inork ez duela kargua hartu nahi. Azaroaren 20ko hauteskundeetan ere ez dute kontzejuko ordezkaririk aukeratuko hiru herrietan.
Egitura berezia du Bertizaranak. Udalerri bakarra da, baina bere baitan hiru herri biltzen dituena: Legasa, Narbarte eta Oieregi. Antolakuntza administratiboari dagokionean ere ez da eskualdeko bertze udalerriak bezalakoa, eta berezko hainbat ezaugarri ditu. Udal bakarra dute hiru herriak, Bertizaranako Udala, baina horrez gain, herri bakoitzak bere kontzejua du. Udalerriaren barne dauden bertze tokiko erakundeak dira kontzejuak, ondasun eta eskumen jakinak kudeatu eta administratzeko izaera juridiko propioarekin.
Legeak hainbat eskumen aitortzen dizkie kontzejuei: ondarea administratu eta zaindu, eta bere erabilera eta aprobetxamendua erregulatu eta antolatu –honen barne mendiak–; argiteria publikoa; bideak zaindu eta garbitu; hilerriak eta herriko bestak. Horrez gain, Bertizaranako Udalak kontzejuen esku utzitako bertze ardura bat ere badute Legasa, Narbarte eta Oieregiko kontzejuak: ura. Udalarekin egindako akordio bat tarteko, urari dagokiona kontzejuek eramaten dute, eta trukean, Udalak dirua ematen die. Kontzejuen diru-iturri aipagarrienak, berriz, Nafarroako Gobernuak biztanleko ematen diena eta mendi eta ehizatik ateratzen dutena dira.
Nafarroan dauden 348 kontzejuen antolaketa ez da berdina. 12/1991 Foru Legearen arabera, 16 eta 50 biztanleko kontzejuen kasuan, lehendakaria eta herritarren asanblada arduratzen dira kontzejuko lanaz eta 50 biztanletik goitikoetan junta bat dute. Horixe da Legasa, Narbarte eta Oieregiren kasua: junta bat dute, presidenteak (alkatea deitua) eta lau bokalek osatua. Legearen arabera, lau urtetik behin egin behar dira kontzejuko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak eta aurten tokatu da. Maiatzean egin zen lehenbiziko deialdia eta hiru herrietan ez zen inor aurkeztu. Urrian bigarren deialdia egindakoan ere zerrendarik gabe gelditu ziren hiru kontzejuak eta airean dago hurrengo lau urteetan zer gertatuko den.
Zerrendarik ez aurkeztearena ez da berria. Legasan, duela lau urte, lehenbiziko deialdia hutsik gelditu eta bigarrenerako osatu zen taldea. Orduan sartu ziren Aitor Zelaieta, Asier Irisarri, Laura Andresena, Iban Urriza eta David Andresena kontzejura. Narbarten aspaldi ez da kontzejua berritzeko hauteskunderik egin. Zerrendarik ez, eta botazio bidez aukeratu dira azken aldietan ordezkariak: Jabier Arretxea, Enrique Oteiza, Itziar Iriarte, Manuel Irungarai eta Jose Mª Iriarte daude juntan. Eta Oieregin orain lau urte talde bakarra aurkeztu zen hauteskundeetara eta aldi honetan inor egin ez denez, segitzekotan dira: Jose Jabier Nosellas, Juana Paula Galañena, Alejo Mindegia, Jose Mª Galarregi eta Carlos Zamora dira.
Antonio Erregerena, Bertizaranako alkatea
«Ez dago aski baloratua kontzejuetako alkateek herrietan egiten duten lana»
Maiatzeko hauteskundeak irabazita, Bilduko Antonio Erregerena da Bertizaranako alkate berria. Hauteskunde aitzinetik Bertizaranako hiru herrietarako albinte bat hartzearen aldeko apustua eginen zutela iragarri zuten, eta orain ere asmo horri eusten diote: «albintearen figura sortu nahi dugu eta horrek orain kontzejuetako alkateek egiten dituzten lanak eginen lituzke». Izan ere, Erregerenaren irudiko, «ez dago aski baloratua alkateek herrietan egiten duten lana. Kontzejuetako alkateek ardura haundia dute, eta trukean ez dute deus ere». Gaineratu digunez, «zerbait ongi egitean batzuk hurbiltzen dira zerbait erratera, baina batez ere, akats ttiki bat dela ere, beti kritika destruktiboa egitera hurbiltzen da jendea». Kontzejuetako ordezkariak hautatzeko bigarren hauteskunde deialdian ere ez da inor aurkeztu ez Oieregin, ez Narbarten eta ez Legasan ere, eta horren harira, «komodo jarri garela» uste du Erregerenak: «jendea ez da motibatua ikusten, ez delako aski konturatzen kontzejuetako alkateen lana nolakoa den. Jendea hurbilduko balitz, eta zer lan egiten den ikusko balu...». Egoeraz jabetuta, alkateen ardura arindu egin nahi dute albinte bat kontratatuta: «begira hasiak gara –dio Erregerenak–, eta heldu den urtean ea nondik lortzen ahal dugun eta zein dirurekin kontatzen ahal dugun». Oposaketa bidez aukeratuko lukete. Eta horrez gain, kontzejuen eta Udalaren arteko elkarlana bultzatu nahi dute: «udaletxean gaudenetik, alkateei eskua botatzen saiatu gara. Hirigintzan, argindarrarekin eta depuradoraren gaian elkarrekin ari gara. Erabakiak hartu aitzinetik, bilerak egiten ditugu denon adostasuna bilatzeko. Bi aldeen arteko elkarlana indartuta lana erraztuko da».
KONTZEJUETAKO ALKATEAK SOLASEAN
Aitor ZELAIETA | Legasa
«Joera honekin, kontzejuarena dena Udalari pasatzeko aukera eskura uzten diogu Gobernuari»
Duela lau urte kontzejuko ordezkariak izendatzeko hauteskundeak deitu zirenean, lehen deialdian ez zen inor aurkeztu Legasan eta bigarrenean taldea osatzea erabaki zuten Aitor Zelaietak eta kontzejuko bere kideek. Botazioa egin eta alkate izendatu zuten. «Ilusio haundiarekin» hasi zirela kontatu digu, baina orain egunerokoa aldatu zaien honetan, biltzeko «gaizki» ibiltzen omen dira. Kontzejuak bere dedikazioa eskatzen duela aitortu digu: «bilerak, deiak, lotura, jendea etxean edozein ordutan...». Eta dena musutruk. «Kexak esker oneko hitzak baino gehiago» direla azaldu digu: «edozein gauzarekin jaleoak izaten dira eta inork ez du kontzejuan sartu nahi». Bere ustez, «ardura ez hartzeko joerak segitzen badu, kontzejuak ez du diztira haundiko etorkizunik izanen. Gobernuari eskura uzten diogu kontzejuarena dena Udalari pasatzeko aukera». Alde horretatik «kontzejutik pasatzeko denek kontzientziatuak egon beharko luketela», iritzi dio. albintea jartzearen aldekoa ere bada: «udan langileak hartzen dira eta horren ordez, kontzejuan sartu ginenean, hiru herriendako lanpostu bat sortzea proposatu genion Udalari, baina ez zuen beharra ikusi. Iduri du oraingo Udalak albintea hartu nahi duela eta horrek lagunduko luke. Udalarekin elkarlanean, gauzak hobetzen ahal dira». Herritarrei, berriz, mezu hau luzatu die: «ahal dena egiten saiatu gara eta ea animatzen diren eurek kontzejuan sartzera».
Jabier ARRETXEA | Narbarte
«Hemen ez dago dirurik eta kobratu gabe inork ez du lanean ari nahi»
Zortzi urte daramatza Jabier Arretxeak Narbarteko alkate gisa. Ez bera eta ez kontzejuko bertze kideak ere, ez ziren hauteskundeetan aukeratuak izan, inor aurkeztu ez, eta talde bat osatu zutelako baizik: «aspaldian Narbarten ez da hauteskunderik egin kontzejuko ordezkariak aukeratzeko. Inor aurkezten ez denez, botazioa egiten da eta boto gehien dituztenei deitzen zaie». Horrela sartu zen alkate. Kontzejuak «nahiko egoera kaxkarrean» ikusten ditu Arretxeak: «ez dago diru sarrerarik, lanak badira, eta kobratu gabe inork ez du lanean ari nahi». Bere ustez, «gero eta patxadazaleagoak gara eta gazteek ez dute kontzejuan sartzeko asmorik». Jendearen jarreraz ere aritu zaigu: «zerbait ona eginez gero, batek edo bertzeak eskertzen du, baina kritikatzeko denak prest gaude. Gibeletik aritzeko beti bada bakarren bat eta horrek gogoa kentzen du». Ez du uste kontzejuko lana zaila denik, «gogoa eta araberako taldea» izanez gero, ongi eraman daitekeela pentsatzen baitu. Oraingo Udalarekin duten harremana «hobea» dela ere kontatu digu eta albintea jartzearena «ideia ona» delakoan dago: «aspaldi genbiltzan horren gibeletik eta gure lana arinduko luke». Antolaketarekin, ordea, kritiko ageri da: «dagoen diru pixarra udaletxean dago eta edozein obra haundi tokatzen dela, gastuak erdibana egin behar dira». Udalak zergen bidez bertze modu batera joka dezake baina kontzejuak ezin du deus egin».
Jose Jabier NOSELLAS | Oieregi
«Kontzejuko lana ez da hagitz lotua baina beti bada zerbait eta denbora joaten da»
Lau urte egin ditu Jose Jabier Nosellasek Oieregiko alkate lanean eta seguruenik bertze lau urtez segituko du, hauteskunde hauen bigarren deialdian ere ez baita inor aurkeztu. «Bertze lau urte pasatuta ikusiko dugu zer geratzen den», adierazi digu. Bere hitzetan, «kontzejuko lana ez da hagitz lotua, baina beti bada zerbait eta denbora joaten da. Inor ez dago denbora galtzeko, eta are guttiago, kobratu gabe». Kontzejuak egoera «nahiko kaxkarrean» ikusten ditu: «hemendik urte batzuetara agian desagertuko direla esaten zen lehen. Gainera, osatzeko beti arazoak izaten dira». Kontzejuek etorkizuna izatea gustatuko litzaoke, herritarrengandik hurbilago daudelako, baina «krisiarekin, Gobernuak dirulaguntzak murrizten baditu, dena udaletxera joanen da eta guri dena kenduta ez dugu deus egitekorik izanen». Jendearen aldetik, ordea, ez du presiorik nabaritu: «biztanle aunitz ere ez gara, eta ez dut kexarik somatu. Alderantziz, ez dira hainbertze sartzen». Urak eragiten omen die buruhausterik haundiena: «ura falta bada, jendea kexaka hasten da. Hemen bizi garenok badakigu zer den hori, baina hemen bigarren etxebizitza duten kanpokoak exijentziekin etortzen dira». Udalarekin duen harremana ona dela ere aitortu digu: «udal berriarekin ongi hasi gara eta aurrekoarekin ere nahiko harreman ona genuen». Eta albintea jartzeari buruz? «Ongi etorriko litzateke eta gauza batzuetan gure lana arinduko luke».