Lakoizketako Jose Mari: belarrak bildu eta sailkatzeagatik ospetsu egin zen apaiza

TTIPI TTAPA 2011ko urr. 13a, 15:40

Goiko argazkian Lakoizketa baserria gaur egun; erdikoan Jose Mari bera eta behekoan omenaldi gisa sortetxean paratu zitzaion plaka. Utzitako argazkiak

Botanika izan zen bere pasiorik handienetarikoa

Lakoizketako base­rria, Doneztebe eta Narbarteko herriaren artean­, Legasa parean dago. Bere garaian, Baio­natik hasita Iruñera arte laboran­tza etxerik hoberena bezala ikusia zen, Eduardo Gil Bera idazleak Lakoiz­ke­­tako apaizari buruz egindako liburuan aipa­tzen duen bezala.

Lakoizketako Jose Mari 1831ko otsailaren 2an jaio zen Narbarteko­ Lakoizketa baserrian. Ikas­ketak Iruñeko institu­tuan egin ondo­tik, seminariora sartu zen. Apaiza izendatutakoan, Elgo­rriagako elizan bi urte pasatu zituen eta gero, Narbarteko elizako arduradun egin zen, eta 30 urte­ igaro zituen (1857-1887).

Jose Marik, elizako lanaz aparte, ber­tze hainbat kezka ere bazituen. Bere pasiorik handienetarikoa botanika zen eta tarte libre guztietan ho­rretan aritzen zen. Berdin zitzaion zer eguraldi egiten zuen; makila, mailua, zizela eta latoizko kutxa­txoa gainean harturik, harriak eta landareak bil­tzera joaten zen.

Narbarteko jakintsu honek belar gehienak Bertizaranan bildu zituen; baina Saldias, Mendaur, Sunbilla, Etxa­lar, Elbete, Berroeta eta ber­tze hainbat lekutan bil­dutako belarrak ere ageri dira bere herbarioan.

Garai haietan, ezjakin­tasunaren eta ez ohikoa zen jarrera baten ondorioz, herriko jendea Lakoizketako eroa deituz hasi zen. Behin, herriko baserritar batek belar arraro­ bat eman omen zion eta apaizak ordaine­tan duro bat. Duro­ bat dirutza handia zen garai haietarako. Horrela­ko jokaerek harridura sortzen zuten he­rritarren artean.

Berak, ordea, inori kasurik egin gabe bere pasioan lanean segitu zuen,­­ belarrak bilduz eta katalogatuz. Hala, Europa mailan ospe handia lor­tzen hasi zen eta bota­nika munduan espainiar estatuko iparraldeko aditurik handiena bihurtu zen. 1877.urtean Fran­tziako botanika elkarteko kide izendatu zuten eta hiru urte beranduago, Espainiako historia naturalaren botanika ataleko kide.

Botanikaren inguruko bi liburu idatzi zituen. Lehenengoa Bertizaranan berez hazten diren landa­reen bilduma izan zen, 1885ean argitaratua. Biga­rrena El diccio­nario de los nombres eus­ka­ros de las plantas en co­rres­pondencia con los vul­ga­res castellanos y franceses y científicos latinos izan zen, 1888koa. Gaur egun ere, liburu honen argitalpen be­rri ba­tzuk egin dira. Horie­ta­riko bat 1994­an, Eduar­do Gil Berak zuzendua.

Bere lanik garrantzi­tsuena 2.500 belarrez osatutako bere herbarioa izan zen. Bere iloba Luisa Lakoizketak Leka­roz­ko komentuari utzi­ zion. Baina berriki komentuaren itxiera zela eta, herbarioa Lakoizketara buelta­tu zuten. Baina zain­tze­ko baldintzak ez ziren egokienak eta Lakoizketako oinordekoak Nafa­rroako Gobernuarekin ha­­rremanetan jarri ziren herbarioa baldintza egokienean museo batean egon zedin. Bere lanari handitasuna ematen dion gauzetariko bat da euskarari egiten dion tartea; fran­tses eta gazteleraren pare kokatuz.

Gobernuak ez zuen deus jakin nahi izan herbarioari buruz eta Lakoizketarrak Gasteizko Natur Zientziaren museoarekin harremanetan jarri eta hauek gustu handiz herbarioaren bila etorri ziren. Ordutik Lakoizketaren lanik handiena Gasteizko museoan dago.

1887an, hemiplegia gaixotasuna zeukala-eta, Elbeten bizi zen bere arre­barengana joan zen Jose Mari eta bi urte beran­duago hil zen. Bere lana urteen buruan baloratu da eta 1924­an Eusko Ikaskun­tzak egindako lana eskertuz bere jaiotetxean plaka bat paratu zuen. Plaka hau Bertizaranako he­rriak eskainia da.

Gaur egun Lakoizketara bertaratuz gero, plaka ikus dezakegu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun