Egun eguzkitsua atera zuen abuztuaren 20an, Kuku Elkartearen 25. urteurrena ospatzeko egunean. Goiz-goizetik hasi zen ospakizun besta. Gosaria izan zen lehenengo. Ondotik, mus txapelketa egin zen eta hamar bikotek parte hartu zuten. Eguerdi partean, elkartearen sortzaileei omenaldi txiki bat egin zitzaien. Elkarteko bi bazkidek aurreskua dantzatu ondotik, urteurrenerako apropos egin zen zapia oparitu zitzaien. Aipatu zapiak berriki sortu den elkarteko logoa darama, bazkide batek sortu duen logoa, hain zuzen. Ondotik, koadro bat oparitu zitzaien eta hau elkartean jarri da. Guzti hau bukatzean, bazkari goxoa egin zuten elkarteko atarian bildutako 75 lagunek eta arratsaldean DJ-a izan zen. Giro ezin hobea sortu zen eta orain 50. urteurrena iristeko zain gelditu dira herrian. Lerro hauek aprobetxatuz, elkarteko junteroei eskerrak eman nahi izan zaizkie, besta hau antolatzeko egin duten lan guztia eskertuz.