50 lagunek parte hartu dute Bilduk egindako batzar informatiboan

Ttipi-ttapa 2011ko irailaren 1a

Jendeak arretaz jarraitu zituen emandako azalpenak. Utzitako argazkia

Presazko gaiak, hirigintza, proiektu industrialak eta udal kontuak izan dira hizpide

Uztailaren 22an ba­tzar informatiboa egin zuen Bilduk udaletxean, eta deialdiari eran­tzunez, 50 lagun bertaratu ziren. Hainbat gai jorratu ziren:

Presazko arazoak
Narbarteko familia konfliktiboa izan zen aipatutako gaietako bat. Antza, Udalak familiaren etxea erosteko erabakia hartua du eta familia Fiterora joatekoa da, baina hango etxebizitzan arazoak direla eta, Narbarten segitzen dute. 
Legasako argindar pos­teaz ere aritu ziren, se­gurtasun distantziak ez dituela betetzen azaldu zen, eta Itturaldea atze­tik airetik erama­tea lortu dela azaldu zuen Bil­duk, 30.000 eurotan.

Proiektu industrialak
Arcelor Mittali bu­ruz, ahal den neurrian proiek­tu berri guztiak bertan kokatzearen alde egin zuen Bilduk. Udalaren lur-eremuaz, berriz, udal berriak proiektua ez du bideragarria ikusten.
Prefabrikatuen proiek­­­tuaz, Martikorekin hitz egin ondotik, gaur egun ez duela deus egiteko asmorik erran omen du, soilik lurra birkalifikatu nahi duela. Baina Bilduren apustua, «asmo garbiak izan arte, ez birkalifikatzea da».
Bostargiren proiektuan, bi jatetxe, hotela eta nabe industrial andana egin nahi dira, eta Bilduk bi jatetxeak eta hotela egitea azter daitezkeela dioen arren, «hainbertze nabe helburu zehatzik gabe egitea ez dugu ongi ikusten» erran zuen.  Depuradoraren proiek­tuaren inguruan, Arcelo­rren indus­tria­gunean kokatzea proposatu zuen.

Hirigintza
Oieregiko apartamentuak ere hizpide izan ziren eta hasierako asmoa apartamentu turistikoak egitea bazen ere, promotoreak etxebizitzak bilakatzeko baimena eskatu duela jakinarazi zen.
Legasako Arozkenean, 39 bizitza egin nahi omen ditu promotoreak, horietatik bederatzi babes ofizialekoak. Hirigin­tza plana berri­tzea ere proposatu zuen Bilduk.

Udalaren egoera
Udalaren kontuen berri ere eman zen eta azken urtean 320.000 euroko sa­rrerak eta 220.000 euroko gastuak izan dituela jakinarazi zen. Hala, Udalaren egoera ekonomikoa ona dela aipatu zen. Horrez gain, kon­tzejuekin elkarlana eta herritarren parte-hartzea bultzatu nahi ditu Bilduk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun