Eguberriekin batera, negua, elurra, hotza eta nola ez, mendian bizi den gure ikazkin maitea, Olentzero, etorri ziren. Legasara, bertze hainbat herritara bezala, abenduaren 24an etorri zen eta ongietorria emateko hainbat gauza prestatu ziren. Arratsaldean, eskola atarian elkartu eta txistularien soinuekin Olentzeroren panpina herrian barrena ibili zuten. Ondotik, berriz, merienda goxoa eskaini zen frontoian. Ilundutakoan, eta bertze herrietako buelta egin eta gero, Olentzero bere astoarekin menditik jaitsi zen hainbat sorpresa ekartzera. Guk ongi zaindu, merendua eman eta hurrengo urtera arte agurtu genuen.