Eguraldi eguzkitsua egin du aurten bestetan eta herritarrek, noski, gustura hartu dute udako giroa. Ortziralarekin hasi eta astelehena bitarte iraun zuten ospakizunek eta aipatzekoak dira, Los Zopilotes Txirriaus taldearen larunbat gaueko kontzertua, eta igandeko herri kirol saioa. Azken honetan, herriko gazteek omenaldia egin zieten urteetan plazaz-plaza ibili izan diren Oronozko Leoncio Goñi eta Arizkungo Martin Altzubierteri. Oroigarri bana oparitu zieten gazteek eta eskerrak eman euren parte-hartzeagatik. Herri kirol saioan gazteak zaharren kontra aritu ziren eta azken hauek atera ziren garaile. Sokatiran ere zaharrek lortu zuten garaipena. Astelehenean, berriz, zikiro eguna izan zen. Bertsolariek alaitu zuten bazkalondoa eta ondotik Agerralderen emanaldia izan zen.