Familia batek herritarren arteko elkarbizitza hondatzen duela eta kezkatua dago jendea

TTIPI-TTAPA 2010eko abuztuaren 31

Egoera salatuz, abuztuaren 20an egindako lehendabiziko elkarretaratzea ageri da irudi honetan. Utzitako argazkia

Gizarte Zerbitzuekin bildu eta elkarretaratzeak egin dituzte

Kezkatuak daude herritarrak. Narbartera etorri zen familia batek arazoak baino ez omen dizkie ekartzen eta ez dute irtenbiderik aurki­tzen. Egoerari buelta emateko helburuarekin, Malerrekako Mankomunitateko gizarte langileekin eta bertze eragileekin ere bildu izan dira, baina arazoa ez da oraindik konpondu.
Bertze urratsa elka­rretara­tzeak egitea izan da. Hala, abuztuaren 20an eta 21ean bi mobi­lizazio egin ziren egoera salatzeko. Ez dugu eraso gehiago nahi, aski da, elkarbizi­tza duina eta Bakean bizi nahi dugu zioten kartelen gibelean hainbat herritar bildu zen plazan.
Barrideek prentsara igorritako oharrean ageri denez, «familia zaka­rra eta erasokorra da» eta horren ondorioz,  herritarrak «beldurtuak» daude. Azken bolada honetan heriotz-mehatxuak hartu dituztela eta herritarren arteko elkarbizitza kaltetu dutela ere salatu dute. Gisa berean, «herrita­rrok hain arruntak diren gauza batzuk egiteari utzi diogu, plazan edo ostatuan egoteari, adibidez, erasoa jasanezina delako».
Miren I. Iriartek TTIPI-TTAPAri adierazi dionez, bi elkarretaratzeak egin ondotik, pixka batean esperoan egonen dira, «ea zerbait aldatzen den». Herritik alde egitea edo erasoak bertan behera gelditzea eskatzen dute, eta egoerak berdin segi­tzen badu, mobilizazioak egiten segitzeko asmoa dutela baieztatu du Iriar­tek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun