Urtetik urtera aldatu egiten dira Legasako bestak antolatzeko arduradunak, eta aurtengoan Koro Ibarra eta Izaskun eta Eneko Etxart dira burubelarri horretan dabiltzanak. Beraien burua borondatez aukeztu zuten horretarako , “ongi hartzen dugulako eta ordutegi aldetik ere moldatzen ahal ginelako”, dio Koro Ibarrak. Boluntariorik ez den urteetan, berriz, zozketa bidez aukeratzen dituzte, normalean hiru. Duela bi hilabete inguru hasi ziren prestaketekin, baina musika taldeak kontratzeko lana Kontzejuarekin elkarlanean egiten dutenez, honek urte hasieran ekin zion egitekoari. Ibarraren arabera, “Kontzejuak bizpahiru egunetako musika antolatzen du, eta guk bertze egunetakoa”. Eta bestak ahalik eta osatuenak izan daitezen, berrikuntza batzuk sartu dituzte egitarauan: hegazti erakustaldia, erraterako. Gisa berean, Ibarrak gaineratu digunez, “iaz txaranga etorri zen, baina aurten fanfarrea ekarriko dugu eta Haurren Eguna egun bakarrera mugatu beharrean, egun guzietan izanen da zerbait”. Puzgarriak, tailerrak guraso eta hiru arduradunen artean prestatuak... Baina ez dira haurrak izanen egunero gozatzeko modua izanen duten bakarrak: “Ez dago haurrentzat, gazteentzat edo ezkonduentzat zehaztutako egunik. Egunero izanen dira ekitaldiak guztientzat” .Berrikuntza horrekin batera, lerro hauek idazterakoan oraindik zehaztu gabea zegoen bertze nobedade bat ere sartu nahi dute: artisauak. “Asmo hori dugu, baina oraindik ez da segurua”, erran digu Ibarrak.
Egitaraua gustu eta adin guzietako jendearentzat egin behar izaten da, baina Korok ere, bertzeek bezala, egun batzuk bertzeak baino gustukuagoak ditu: “ortzirala eta larunbata politak izaten dira –dio–. Lehenbiziko eguna harrokeri eguna izaten da, eta gero hasten gara apaltzen…”. Eta oraindik bestak hasteko 20 bat egun gelditzen badira ere, joateko gonbitea luzatu du: “animatu dadila jendea. Gure aldetik, saiatuko gara ahalik eta besta politenak egiten, umore eta giro ederrean”.