Familia batek herritarren arteko elkarbizitza hondatzen duela salatu dute Narbarten

Ttipi-Ttapa 2010ko abu. 23a, 15:53
Narbarteko herritarrek ortziraleko elkarretaratzean.

Elkarretaratzeak egin dituzte besten atarian

Azken boladan hainbat herritarrek heriotz mehatxuak jasan dituztela eta herritarren arteko elkarbizitza kaltetzen dutela eta, kezkatuak daude Narbarten. Hortaz, eraso gehiagorik ez dutela nahi eta bakean bizi nahi dutela eskatu dute egin dituzten bi elkarretaratzetan.

Kezkatuak daude Narbarteko herritarrak. Narbartera etorri zen familia batek arazoak baino ez omen dizkie ekartzen eta horixe salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte asteburuan, joan den ortziralean lehenbizikoa eta larunbatean bigarrena. Hala, Ez dugu eraso gehiago nahi, aski da, elkarbizitza duina eta Bakean bizi nahi dugu zioten kartelen gibelean hainbat herritar bildu zen plazan.

Narbarteko Kontzejuko zinegotzi batek hedabideetara igorritako ohar batean ageri denez, “familia zakarra eta erasokorra da” eta horren ondorioz,  “herritarrak beldurtuak gaude”. Azken bolada honetan heriotz-mehatxuak hartu dituztela eta herritarren arteko elkarbizitza ere kaltetu dutela ere salatu dute. Gisa berean, “herritarrok hain arruntak diren gauza batzuk egiteari utzi diogu, plazan edo ostatuan egoteari, adibidez, erasoa jasanezina delako”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun