Legasako ehun argazki zahar baino gehiago ikusgai izan dira asteburuko erakusketan

TTIPI TTAPA 2010ko mar. 9a, 12:04
Legasarrek aski gustora ikusi zituzten argazki zaharrak, tartean, dagoeneko herrian jolasten ez den laxoakoak. TTIPI TTAPA

Herritarrek gehien gustatu zaien argazkiaren aldeko botua eman dute

Herriko ehun argazki baino gehiago ikusgai izan dituzte aste hondar honetan Legasako eskolako gimnasioan.  Legasako kontzejuak argazki zaharrak bilatzeko eta erakusketarako uzteko deialdia egin zuen, bistan denez, arrakasta handiarekin. Erretratoren batek ehun urte izanen dituela ere erraten zuten: ikasturte ezberdinetako ikasleak irakasleekin ateratako argazkiak, familia osoak agertzen dituztenak, zerri hiltzeak, herriko ikuspegiak, bestak, dantzak… Legasako irudi ederrak bildu dira eta legasarrek ikusminez begiratu dituzte asteburu osoan. Bisitari guziek, gehien gustatu zaien argazkiaren aldeko botua eman ahal izan dute. Botu gehien hartzen duen argazkia eman duena izanen da irabazle eta argazki guziak biltzen dituen albuma izanen du saritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun