Urtero bezala, 16:00etan Olentzeroren panpina hartu eta Kontzejutik txistularien laguntzarekin herriari buelta eman zioten gazte, haur eta heldu kuadrillak. Plazara iritsi eta ohi bezala berendu goxua zuten prest. Egiten zuen hotzarekin ederki sartu zen halako otordu goxoa. Ilundu zuenean, ordea, ikaragarrizko sorpresa hartu zuten bertan ziren guztiak Olentzero asto gainean menditik barna heldu zela ikusita. Bi laguntzaile zituen opariak ekartzen laguntzeko, Jon eta Jokin. Herriko txikiei, urte osoan arront ongi portatu zirenez, opari bana eman zien Olentzerok. Hurrengo urtera arte agurtu eta bidai ona opa eta gero, bere astoaren gainean mendira itzuli zen deskantsatzera, gauen zuen lan guztia ongi egiteko.