«Lortzen ari zarela ikustean sentitzen duzun poztasunak ez du parekorik»

Gurutze PIKABEA 2009ko abe. 15a, 15:46

«25. plazan nindoala, leher eginda nengoen, baina ez nion gorputzari nahi zuena egiten utzi, eta gero eta guttiago gelditzen zela ikusi ahal hobeki sentitu nintzen, attak aski nuela errran zidan arte»

«Eskuetan indarra, burugogorra izatea eta kirol hau –txingak– gustatzea». Ezaugarri horiexek behar omen ditu txingalari on batek, eta Esther Iriarte narbartearrak hiruak ditu. Euskal Herriko Txinga-Eramate Txapelketa irabazi berria du eta «arrunt kontent» dagoela aitortu digu. Aurten gainera, bigarren aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun, eta irabazi bakarrik ez, marka guztiak ere ondu baititu. Azaroaren 21ean Goizuetan jokatu zen txapelketa, eta bere aurreikuspenak ere gainditu zituen Narbarteko gazteak: 25na kiloko txingekin 44 plaza egin zituen, 1.176 metro. Gainera, alde nabarmena atera zion bigarren sailkatuari. Euskal Herriko bi garaipen izateaz gain, Nafarroako lau ere baditu bere kirol ibilbidean.
Badaki kirol gogorra dela, baina gustuko tokian maldarik ez: »Momentua sufritzen edo aguantatzen jakin behar da. Baina bertze gauzetan bezala, zer lortu nahi duzun argi baduzu, eta poliki-poliki lortzen ari zarela ikusten duzunean, sentitzen duzun poztasunak ez du parekorik».
Txingekin bikain moldatzen den arren, ez da  kirol bakarreko neska: «edozein kirol dut gustuko», dio. Garai batean palan ere aritzen zen eta 16-17 urterekin, Nafarroako txapela ere jantzi zuen. Halere, guztietan maiteena sokatira du. «Orain dela bi urte hasi nintzen Amaiurko Sokatira Taldean, eta sokatiran aurkitu dut nire tokia», erran digu. «Aunitz gustatzen zait sokatira, taldeko lan bat da eta hagitz giro onean pasatzen ditugu momentuak». Eta tarteka bada ere, txingekin ibiltzea gustatzen omen zaio, «horrela nire burua proban paratzen dut».

Ikasketak, kirola eta besta, bateragarriak?
Goi Mailako Administrazio eta Finantza ikasketak akitzear dago eta «ongi eta gustura» ari dela aipatu digu. Bestarako gogoa ere ez omen zaio falta. Juergan eta kirolean bietan aritzea posible ote den galdetuta, ez du dudarik: «seguru baietz». «Biak aunitz gustatzen zaizkit». Larunbat gauetan etxean «guttitan» gelditzen diren horietakoa omen da, nahiz eta batzuetan halabeharrez horrela tokatu: «Euskal Herriko Txinga-Eramate Txapelketaren bezperan, adibidez, gustura aterako nintzen, baina emaitzarekin konpentsatua gelditu naiz».
Gogor egiten badakiela ere ederki erakutsi zuen Euskal Herriko Txinga-Eramate Txapelketan, Goizuetan: «25. plazan nindoala, leher eginda nengoen, baina ez nion gorputzari nahi zuena egiten utzi, eta gero eta guttiago gelditzen zela ikusi ahala hobeki sentitu nintzen, attak aski nuela erran zidan arte».
Ez dakigu attak nahikoa zuela erran ez bazion, segituko zuen ala ez, baina 25. plazarako nekatua egon eta 44 egiteko gai dena, sasoiko dago, bai horixe. Eta 22 urte bertzerik ez dituenez, oraindik emanen du zer errana herri kirol munduan. Familia, lagun eta Goizuetan saioa ikusten egon zirenei eskerrak emateaz ere ez da atzendu: «euren animorik gabe ezin izanen nukeen marka hau lortu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun