Inguruko bizilagunek bakarrik bildu ditzakete onddoak Bertizko Jaurerrian

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 9a

Joan den urteko araudiak horrela dio

«Inguruko bizilagunei soilik utziko zaie basoko produktuak bil­tzen, beti ere, etxeko kontsumorako». Halaxe dio Bertizko Jaurerri­ko araudiak. Horren arabera, Bertizaranako he­rri­ta­rrek (Oieregi, Narbarte eta Legasa), Etxalarkoek, Baztangoek, Sunbillakoek, Elgorriagakoek eta Doneztebekoek bakarrik dute Natur Parkean produktuak –tartean onddoak– biltzeko baimena.
Berria ez da orain­goa, joan den urteko ekainaren 17an onartu baitzuen Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu bidez, Bertizko Natur Parkea Zainketa Bereziko Eremu deklaratzea eta hura erabili eta kudeatzeko III. Plan Zuzentzailea egitea. Araudi orokorren 18. artikuluan ageri da aipatutako muga hori.
Iazko denboraldia onddo aunitzik atera gabe joan zenez ez zen arazorik sortu, baina aurten onddo dezente ateratzen ari da, eta jendeak sorpresan hartu du erabakia, batez ere, kanpotik etorritakoek. Basozainek Natur Parkera onddo bila joaten direnei nongoak diren galdetzeko eskubidea dute, horrela, onddoak edo bertze produktuak nork bildu ditzakeen ikusteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun