Bertizaranako Eguna ekainaren 6an eginen da Legasan

ttipi-ttapa 2009ko mai. 28a, 17:34
Urtetik urtera indartzen ari den besta bihurtu da Bertizaranako Eguna. TTIPI TTAPA

Egitarauaren barne, krosa eginen da aurten bigarren aldiz

Bertizaranako gazteek antolatuta, Bertizaranako Eguna eginen da ekainaren 6an, larunbatarekin, Legasan. 2002an egin zen lehenbiziko aldiz besta hau, Bertizaranako hiru herriak –Narbarte, Legasa eta Oieregi– elkartu eta bailara bezala bizirik daudela adierazteko. Helburu horrekin prestatu dute aurtengo egitaraua ere. Goizean, 9:00etan dianak izanen dira Bertizaranako txistulariekin. Hiru herrietan barna ibiliko dira, Oieregi, Narbarte eta Legasan. Segidan, 9:30ean gosaria eginen da eta 11:00etan krosa. Lehengo urtean egin zen lehenbiziko aldiz lasterketa eta orduko arrakasta ikusita, berriz egitea erabaki dute antolatzaileek. Joan den urteko toki berdintsuetatik igaroko da, baina aurten Legasatik hasita. 7,5 kilometroko luzera izanen du eta Legasako plazan hasi eta Narbarte eta Oieregin barna igaroko da. Oieregitik Legasarako buelta errekaren bertze aldetik eginen du, bidean Narbarte utzita. Krosaren ondotik, 12:00etan, erraldoien txanda izanen da eta segidan dantzarien saioa hasiko da. 14:30ean bazkaria eginen da eta 17:30etik aitzinera, bazkalondoa animatzeaz akordeoilari bat arduratuko da. Gauean, 22:00etan afaria eginen da eta gauerditik aitzinera Trikidantz taldearekin dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun