Esther Iriarte narbartearra eta Migel Anjel Sukuntza leitzarra dira aurtengo Euskal Herriko Txinga-Eramate Txapelketako txapeldunak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan.
Abuztuaren 31n Arazurin (Nafarroa) jokatutako jardunaldian, Iriartek 30 plaza egin zituen 25 kiloko txingak esku banatan zituela, eta jaun eta jabe dela erakutsi zuen. Bigarren sailkatu zen Xanta Sousa lesakarrari bortz plazako aldea atera zion. Finalean aritu ziren bortz emakumezkoen artean, Estibaliz Almandoz lesakarra izan zen eskualdeko hirugarrena. Sailkapen nagusian bortzgarren gelditu zen.
Nafarroako marka hobetu du Iriartek
Euskal Herri mailako txapela janzteaz gain, Nafarroako emakumezkoen marka hobetu zuen Iriartek, Ainhoa Mazkiaranek 2005ean 26 plaza eginez ezarritako marka, hain zuzen.
Gizonezkoetan txapela Leitzara
Gizonezkoetan, berriz, garaipena Leitzara joan zen. Migel Anjel Sukuntza izan zen eskualdeko bakarra, eta esku bakoitzean 50 kiloko txingak zeramatzala 20 plaza eta 4,44 metro egin zituen, txapela erdietsiz. Bigarren sailkatu zen J. J. Agirregabiriari (Deba, Gipuzkoa) plaza bat eta erdiko aldea atera zion.