Oieregiko Erreparatzeako jauregia eta zubia Kultur Intereseko Ondasun izendatuko dituzte

Goizalde URDANPILLETA 2008ko eka. 26a, 17:16

Bertizaranan, Oieregin dauden Erreparatzeako jauregia eta zubia Kultur Intereseko Ondasun izendatuko ditu Nafarroako Gobernuak, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Arkitektonikoaren atalak egindako espedientea onartuz. Bi eraikinak Nafarroako Katalogo Monumentalean sartuak daude. Beraiei buruzko hainbat ikerketa egin dira eta politikaren, artearen eta nobleziaren hainbat pertsonaien bisita jaso dute.

XVIII. mendeko jauregia

Erraparatzea jauregia XVIII. mendeko bukaera aldera eraiki zen, Bidasoa erreka gainditzen duen zubiaren ondoan. 1972ko urriaren 13an monumentu historiko-artistiko izendatu zuten, Diputazioaren akordio baten bidez. Aipatzekoa da, bere garaian Erreparatzean ostatu hartu zuela Eduardo VII Ingalaterrako erregeak, Lord Aquith Ingalaterrako lehen ministro eta Oxfordeko konteak edo Ramon Maria Valle-Inclan idazleak. Honek bertan idatzi omen zuen “La masquesa Rosalinda” idazlana.

Zubia

Erreparatzeako zubiari dagokionez, interes historiko-artistikotzat jo zuen Diputazioak 1982ko irailaren 30ean. Honek ere bisitari ezagunak izan ditu. Murray margolariak margotu egin zuen eta Lockerrek grabatu egin zuen 1824an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun