Giro ederrean joan da Bertizaranako Eguna

TTIPI TTAPA 2008ko eka. 23a, 12:19
TTIPI TTAPA

Txistulari eta gaiteroen doinuek eman zioten hasiera aurtengo Bertizanako Egunari. Ekainaren 7an izan zen Narbarte, Legasa eta Oieregikoen besta haundia. Goizean BKZren eskutik aisialdi ekintzak izan zituzten eta aurten, lehenbiziko aldiz, herri krosa egin zen. 8,6 kilometroko ibilbidea Narbarteko plazan hasita, Oieregi eta Legasan barna pasatu zen. Guzira 40 inguru parte-hartzaile izan ziren, gehienak gizasemeak. Sailkapen orokorrean emakumezko bakarra ageri zen: Esther Iriarte narbartearra.

Gizonezkoetan, Rafa Maritxalar lesakarra izan zen bizkorrena; Pasai Donibaneko IƱaki Lopetegi bigarrena eta Patxi Iratzoki igantziarra hirugarrena. Antolatzaileek Bertizaranako lehenbizikoak txapela eta ardoa jasoko zituela iragarria zutenez, horrek ikusmina piztu zuen. Azkenean, Narbarteko Fermintxo Oteizak lortu zuen sari hori. Sailkapen orokorrean bederatzigarrena izan zen. Mitxel Aginaga narbartearra izan zen Bertizaranako bigarrena eta Joseba Elizagoien narbartearra hirugarrena. Sari banaketaz gain, kirol materialak eta eskualdeko produktuak zozketatu ziren.

Lasterketa akituta, dantzak izan ziren, tartean Dantza Luzea. Duela hiru urte berreskuratu zuten dantza hau. Ondotik bazkaria egin zuten Legasan eta bazkalondoan giroak segitu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun