Giro ederrean ospatu zuten Bertizaranako Eguna

ttipi-ttapa 2008ko eka. 10a, 10:42
Bertizaranako kroseko podiuma. TTIPI TTAPA

Rafa Maritxalar lesakarra nagusitu zen lehen herri krosean

Bertizaranako gazteek antolatuta, Bertizaranako Eguna eginen zen larunbat honetan, ekainaren 7an. Bertizaranako txistulari eta gaiteroek dianak jo zituzten goiz goizetik. Segidan, irudietan ikus daitekeenez gosaria izan zuten. Ondotik, BKZren eskutik aisialdi ekintzak izan ziren, ate irekien egunean. Honela, zuhaitz artean ibiltzeko edo paint-ballean jolasteko aukera izan zuten Bertizanako bizilagunek.

Rafa Maritxalar garaile herri krosean

Aurten, lehen aldiz, herri krosa antolatua zen Bertizaranako Egunaren barrenean. 8,6 kilometroko ibilbidea Narbarteko plazan hasita, Oieregi eta Legasan barna pasatzen zen. Guzira 40 partehartzaile izan ziren, 39 gizaseme eta emakume bakarra, Esther Iriarte narbartearra. Gizonezkoen artean, Rafa Maritxalar lesakarra izan zen bizkorrena, 29 minutu eta 14 segunduko denborarekin. Bigarren postua Pasai Donibaneko IƱaki Lopetegirentzat izan zen, 29 minutu eta 34 segunduko denborarekin eta Patxiku Iratzoki igantziarrak osatu zuen podiuma, ordu erdi behar izan zuelarik lasterketa burutzeko. Bertizaranako lehenbizikoak txapela eta ardoa jasoko zituenez, ikusmina bazen herritarren artan. Azkenean, Narbarteko Fermintxo Oteizak lortu zuen sari hori, 32 minutu eta 35 segunduko denborarekin. Sailkapen orokorrean bederatzigarren izan zen. Mitxel Aginaga narbartearran izan zen bigarren herrikoen artean, 33 minutu eta 41 segunduko denborarekin eta Joseba Elizagoien narbartearra hirugarren, 35 minutu eta 57 segunduko denborarekin. Esther Iriartek, emakume bakarrak, 32 minutu eta 42 segunduan egin zuen bere lana.

Bazkaria Legasako frontoian

Parte hartzaileen artean kirol materialak eta eskualdeko produktuak ere zozketatu ziren. Lasterketa akituta, dantzak izan ziren, eta gero bazkaria. Berez, Narbarteko plazan prestatu zuten mahaia, baina eguerdian euria hasi zuenez, Legasako frontoira aldatzea erabaki zuten. Beraz, Legasan egin zen herri bazkaria. Bazkalondoa animatzeaz Koldo akordeoilaria arduratu zen. Gero afaria, eta gauerditik aitzinera gaupasa izan zen Trikidantz taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun