Bertizaranako Eguna eginen da ekainaren 7an Narbarten

TTIPI TTAPA 2008ko eka. 4a, 13:03

Goizeko 11:00etan Bertizaranako Herri Krosa jokatuko da

Bertizaranako gazteek antolatuta, Bertizaranako Eguna eginen da larunbat honetan, ekainaren 7an, Narbarten. Azken urteotan bezala, Udalaren laguntza izan dute, 10.000 euroko aurrekontua estaltzen laguntzeko. Goizean, 9:00etan dianak izanen dira Bertizaranako txistulari eta gaiteroekin. Segidan, 9:30ean gosaria eginen da eta ondotik, 10:00etatik 13:00etara, BKZren eskutik aisialdi ekintzak izanen dira, ate irekien egunean.

8,6 kilometroko krosa

Lasterka ibili nahiago dutenek, berriz, hor izanen dute herri krosa. 8,6 kilometroko luzera izanen du eta Narbarteko plazan hasita, Oieregi eta Legasan barna pasatuko da. Parte hartzeko hiru euro ordaindu beharko dira; Bertizaranakoek, ordea, bi euro. Emakumezko zein gizonezkoetan, lehen hiru sarituek garaikurrak eta sariak jasoko dituzte, eta horrez gain, Bertizaranako lehenbizikoak txapela eta ardoa jasoko ditu. Parte hartzaileen artean kirol materialak eta eskualdeko produktuak ere zozketatuko dira. Informazio gehiago: 649 555686 telefonoan edo www.herrikrossa.com-en.

Bazkaria eta gaupasa

Gainerakoan, 12:00etan dantzak izanen dira, eta 14:30ean bazkaria. Bazkalondoa animatzeaz Koldo akordeoilaria arduratuko da,17:30etik 21:30era. 22:00etan afaria eginen da, eta gauerditik aitzinera gaupasa izanen da Trikidantz taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun