«Hiru herriak elkartu eta bailara bizirik dagoela ezagutaraztea da helburua»

TTIPI TTAPA 2008ko mai. 26a, 10:03
TTIPI TTAPA

• Bertze urte batez, Bertizaranako Eguna eginen da, aurten Narbarten. Berrikuntza gisa, lehen aldiz herri krosa antolatu dute: 8,6 kilometroko ibilbidea egiteko lasterketa.
• Batzordean lau lagun daude, bi Narbarteko eta bertze bi Legasako. Oieregikoek oraindik bestan parte hartu gabe segitzen dute.
• 10.000 euroko aurrekontua izanen du aurtengo bestak, eta horretarako Bertizaranako Udalaren laguntza izan dute, eta krosean ere hainbat entitateren laguntza jaso dute.

Nork antolatu duzue Bertizaranako Eguna?

Antolaketa batzordean lau lagun gaude, bi Narbarteko eta Legasako bertze bi, baina Legasako eta Narbarteko gazte guztien artean antolatu dugu Bertizaranako Eguna. Bi herrien artean banatzen da antolakuntza eta ez da hain zaila lana. Egunean bertan izanen da lanik haundiena: ostatuan edaria badagoen kontrolatu, dirua atera... Aurreko urteetan zer egin den badakigu eta horren arabera egiten da besta aurreko lana. Aurtengo besta antolatzen duela hilabete bat edo hasi ginen.

Zenbateko aurrekontua du bestak?

Guztira 10.000 euro inguruko gastua izanen du, baina laguntza jaso dugu. Alde batetik, Bertizaranako Udalak emandakoa dago eta horrez gain, herri krosa babestu duten laguntzaileena ere hor dago. BKZk ere ate irekien eguna egiten du Bertizaranako Egunean.

Zein da besta egun horren helburua?

2002az geroztik egiten da besta hau eta hasiera hasieratik helburua bailara mailako besta bat egitea da. Bertizaranako hiru herriak —Narbarte, Legasa eta Oieregi– elkartu eta bailara bezala bizirik gaudela adierazi nahi diogu jendeari. Azken urteotan ezagunagoa egin da Bertizarana, jendea mugitzen hasi delako.

Oieregiko kontzejuaren hutsa nabaritzen zen besta antolatzen hasi zineten urte haietan. Eta orain?

Ez da kontzejuen gaia, gazteek antolatzen dugun besta baizik. Deia gazte guztiei egiten zaie.

Nolako egitaraua antolatu duzue ekainaren 7rako?
Goizean goiz hasita dianak izanen dira eta segidan gosaria. Kirola egiteko, BKZren eskutik kirol ekintzak izanen dituzte, eta herri krosa ere eginen da. Horrez gain, azken asteotan entsaiatzen ari garen dantzekin saioa ere eskainiko da. Bazkalondoan Koldo akordeoilariaren txanda izanen da, eta afariaren ondotik Trikidantz taldearekin dantzaldia.

Aurten lehendabiziko aldia da herri krosa antolatu duzuela. Nolatan otu zaizue hori?
Azken aldian korrika egiteko ohitura zabaltzen ari da eta egokia iruditu zitzaigun hemen ere herri krosa antolatzea. 8,6 kilometroko luzera izanen du, eta Narbarten hasi eta akituko da, Bertizaranako hiru herrietan barna pasatu ondotik.

Zer du faltan eta zer soberan zuen ustez Bertizaranako Egunak?
Besta nahiko orekatua dela uste dugu. Soberan gastua eta faltan mus txapelketa.

Aunitzek uste dute Bertizaranako herriak Baztan edo Malerrekaren barne daudela. Zer erranen zeniekete hori uste dutenei?
Ordua dela jakiteko eskualdea nola banatua dagoen. Hala ere, gaur egun garai batean baino gehiago ezagutzen du jendeak Bertizarana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun