Mitxel Agiñagak, Green Cupeko Munduko Txapelketan parte hartuko du igandean

ttipi-ttapa 2007ko mar. 26a, 17:41

Iaz lortutako 3. postua hobetzea izanen du helburu

Astelehen eguerdian, apirilaren 1ean Argentinako Andeetako San Martin herrian jokatuko den Green Cupeko munduko txapelketan parte hartuko duten kirolari nafarren aurkezpena egin zuten Alkaiagako Martiko enpresaren egoitza nagusian. Haien artean gure eskualdeko ordezkari bat izanen da, hau da Mitxel Agiñaga narbartearra. 3. parte hartzea izanen du eta iaz lortutako hirugarren postua hobetu nahi du Bertizaranako kirolariak.

Lasterketa eta mendi bizikleta uztartzen dituen diziplinako munduko hitz ordu nagusia bihurtu da Argentinakoa, eta hainbat herritik joandako parte hartzaileak lehiatzen dira. Gogor eta luze izateaz gain, bertakoak ez direnak, hango baldintzei egokitu behar dira. Hortaz Narbartearrak iaz baino goizago joanen da ahal bezain ongi prestatu ahal izateko.

2006an, Mitxelek 3. postua lortu bazuen, aurten, ibilbidea ezagutuz eta hobeki prestatuz pentsa daiteke emaitza ezin hobea ekar dezakeela Argentinatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun