Errioxako mendi duatloi proba bat irabazi du Mitxel Aginagak

Gurutze PIKABEA 2007ko mar. 26a, 11:52
Mitxel garaile atera zen Errioxako duatloi proban. Argazkian Ion Egillo eta Angel Martinezekin ageri da, bigarren eta hirugarren gelditu zirenekin. TTIPI TTAPA

Munduko Green Cup Txapelketarako prestatzen ari da

Mitxel Aginaga kirolari narbartearrak emai-tza onak eskuratu ditu berriz ere. Martxoaren 10ean Errioxako San Felices de Haro herrian jokatutako mendi duatloi proba irabazi zuen. Aitzineko urtean ere berak irabazi zuen proba.

Kirolariek 10 kilometro oinez egin zituzten, bi itzuli mendiko zirkuitu bati, igoerak, jautsierak eta lauak tartekatuz. Gero lau itzuli bizikletarekin zirkuitu berari, 20 kilometroak eginez.

Mitxel BH-Inverse taldeko kirolariak bere taldekide Angel Martinezekin egin zuen ihesi, baina probaren lehenbiziko saioa alde nabarmenarekin irabazi zuen narbartearrak. Bizikleta hartzearekin tartea ireki zuen Mitxelek eta lehen itzulia eta gelditzen zitzaizkion hirurak bakarrik egin zituen. Bakar-bakarrik helmugaratu zen. Sailkapenean, Mitxel Aginagaren ondotik, Ion Egillor (Goierri triatloi taldea) gelditu ziren bigarren eta Angel Martinez (BH-Inverse taldea) hirugarren.

Garaipen honekin ai-tzineko bi aste hondarretako bolada txarrarekin amaitu zuen. Izan ere, Espainiako Puertollanon jokatutako Green Cup-eko Europako Txapelketan eta Castroverden egindako Duatloi-Kros Espainiako Kopan saioak bertan behera utzi behar izan zituen, gurpila lehertzeagatik lehenbizikoan eta katea hausteagatik bertzean.

Martxoaren 17an bertze errepideko duatloi proba batean parte hartzekoa zen OƱatin (8 kilometro oinez, 40 kilometro bizikletan eta 4 kilometro oinez). Saio hori urteko hitzordu garrantzitsu baterako prestatzeko izan zen, Argentinan eginen den Munduko Green Cup Txapelketarako, hain zuzen. Azken hau apirilaren 1ean jokatuko da eta kirolariek 7,5 kilometro oinez mendian, 30 kilometro bizikletaz, eta berriro 7,5 kilometro oinez mendian egin beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun