Bertiz Natur Parkeko sarbidea itxi dute, zubiak arraildurak dituelako

ttipi-ttapa 2007ko urt. 26a, 15:24

Zubiak ezin du gainetik pasatzen zaion jendearen eta ibilgailuen joan-etorria jasan

Bertiz Natur Parkeko sarbide nagusia guttienez hilabete batez itxita egonen da, bertze arrail bat agertu delako zubi gainean. Arazoa ez da berria, joan den urtean ere bertze arrail bat agertu baitzen zubiaren alde batean. Konpontzeko obrak egin arren, zartadura berria agertu da, geroztik zubi gainetik pasatu den trafiko handia ezin duelako jasan.

Hartara, arazoa konpontzeko lanek irauten duten bitartean, natur parkeko sarrera itxita egonen da oinezko eta ibilgailuentzat. Halere, oinezkoak Erreparazea zubitiksartu ahal izanen dira parkera.

Zubia orain dela 100 urte baino gehiago eraiki zen, eta azken 25 urteotan parkera sartzeko joan-etorrien ondorioz, gehiegizko pisua jasan du, batez ere, autobusena. Gutti goitibehiti urtean 90.000 lagunek bisitatzen dute parkea. Duela bi urte oraingo leku beretsuan arrail bat aurkitu zen, eta zardadura horri eusteko horma eraiki zen. Hala ere, berriz arazo berdina azaldu da. Dirudienez, ez dago zubia erortzeko arriskurik, baina badaezpada ere urtarrilaren 19az geroztik itxita dago. Bisitari guttien ibiltzen den garaia aukeratu dute parkea ixteko. Zubi azpitik pasatzen den Bidasoa ibaiak urteko bertze sasoietan baino ur guttiago dakarrela ere aprobetxatu dute lanak egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun