Tximinia batek su hartu zuen Narbarten

ttipi-ttapa 2006ko abe. 14a, 16:15

Gisa horretako ez-beharrak saihesteko hainbat neurri hartzea aholkatzen da

Pasa den astelehen arratsaldean Oronozko su-hiltzaileek atera behar izan zuten Narbarteko Telleria karrikako etxe baten tximenean piztu zen sutea itzaltzeko. Ez-beharrak ez zuen kalte pertsonalik eragin, ez eta kalte materialik ere. Su-hiltzaileen interbentzio azkarrari esker kaltetua izan zen gauza bakarra tximinia bera izan zen.

Gisa horretako suteak urtero gertatzen dira lehen hotzetan tximinia pizten denean. Bi arrazoi nagusi ditu, batetik tximinian kedarra metatzen delako eta erregaia bihurtzen, eta bertzetik, tximinia gaizki eraikia izan delako.

Tximiniarekin zerikusia duten ez-beharrik ez gertatzeko hainbat neurri hartzea aholkatzen da, urtero tximinia garbitzea kedar guzia kenduz, idorra den egurra erretzea kedar guttiago egiten duelako, tximinia dagoen gelan aire berritzea segurtatzea kea eta karbono monoxidoa tximiniatik joateko, eta supazter ondoan alfonbra, arropa edo altzaririk ez eduki.

Eraikitzerakoan ere bertze neurri batzuen hartzea aholkatzen da, hala nola, tximinia eta ihesbideak guztiz isolatua egon behar dute berotasuna ez transmititzeko, ihesbidea ahal bezain bat zuzena izan behar du, kea ahalik eta hobekien ateratzeko eta bero punturik ez sortzeko, eta atea duten tximiniak hautatzea aholkatzen da txinparten arriskua saihesteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun