Mitxel Aginaga narbartearrak 2006-07 denboraldiko nazioarteko lehendabiziko mendi Duatloi proba irabazi zuen abuztuaren azken aste hondarrean Suitzako Zofingen hirian, Suitzako Powerman Xtrail proba hain zuzen. Kirolariek, 5 kilometro lasterka mendiz, 30 kilometro mendi bizikletan eta azkeneko 5 kilometroak berriz ere lasterka egin behar izan zituzten. Udakoa baino udazkeneko giroa izan zuten Suitzan, 10 gradutan eta euripean egin behar izan baitzuten ibilbidea.
Mitxel Aginaga talde berrian ari da aurten, BH Inverse taldean. Taldekideek ibilbidea aztertu eta proba lehendabiziko zatian hausten saiatzea erabaki zuten. Baita lortu ere! Lasterka egin beharreko lehen zatia akautzerakoan Aginaga eta Angel Martinez errioxarra aitzinetik ziren. Mendi bizikletako lehenbiziko kilometroetan, bigarren izanen zen Zahnd Simon txekiarra eta Wütrich René suitzarra elkartu ziren burukoekin. Bizikletako azken kilometroetan erori egin zen suitzarra eta podiumean sartzeko aukerak galdu zituen. Honela, Angel Martinez errioxarrak osatu zuen podiuma.