Berako Gure Txokoako zuzendaritza batzordeak berriz ere Matzada futbol zelaiaren egoera salatu du idatzi baten bitartez. «Polita da belar naturalezko futbol zelaia edukitzea baina ezinezkoa egoera onean mantentzea 170 haur eta gazte futbolean aritzen diren herri batean» diote.
Afera hau ez da berria, 8-10 urte baitaramazkite futbol zelaiaren arazoari konponbidea eman nahizik eta oraindik hortxe dabiltza. «Duela urte batzuk, udalak, Gure Txokoari deus erran gabe, futbol zelai berria egiteko proiektu bat egin zuen. Elkartearekin hitzegin orduko proiektua atzera bota zuten eta beranduegi zen Gipuzkoako Federazioarekin (bertan aritzen bait dira gure talde gehienak) hitzegiteko». Ordutik aitzinera elkarlanean dabiltza Berako Udala eta Gure Txokoa, horrela ate gehiago jotzeko aukera izateko.
Azken aldian zelaiaren egoerak okerrera egin du. Futbol zelaia egin zenean Gure Txokoako taldeek bertan entrenatu eta jokatzen zuten. Segituan sumatu zen zelaiak ez zuela hori onartzen, beraz, futbol zelaia ahalik eta hobekien mantentzeko helburuarekin partiduak bertan jokatu bai baina entrenamendu aunitz Agerrako futbol zelai zaharrean egiten ziren. Gero eta entrenamendu gehiago Agerran eta guttiago Matzadan, beti ere kontuan hartuz Agerrako zelaia Matzadakoa baino oraindik okerrago dagoela. Azken aldian, bakarrik Erregionaleko taldeak eta ttikienen entrenatzen dute Matzadan eta «halere desastre bat egina dago. Zaintzaileak saiatzen dira, Gure Txokoa ahalik eta guttiena erabiltzen saiatzen da, baina ezinezkoa da Matzada ongi mantentzea. Ezinezkoa da bertan futbolean aritzea» dio zuzendaritza batzordeak.
Hortaz, berriz ekin diote gaiari eta eskaera egin dute Nafarroako Gobernuari eta dirurik ez dagoela erantzun diote, «Navarra Arena proiekturako bideratua dago, nonbait». Bigarren idatzi bat ere igorri dute eta erantzunaren zain daude eta Gipuzkoako Futbol Federazioarekin ere solasean dabiltza.
Kontuan hartu behar da Berako 170 haur eta gazte ari direla Gure Txokoa futbol taldeetan jokatzen. Bederatzi talde dituzte: erregionalekoak, jubenilak, kadeteak, infantilak, benjaminak (3) eta alebinak (2). «Horrela ezin dugu jarraitu: entrenatzeko lekurik ez, jokatzeko ere ez... hau ez da modua», aipatu du zuzendaritza batzordeak.
Joan den asteburuan futbol zelaia lotsagarria zegoela aipatu dute Gure Txokoatik. Larunbat arratsalden erregionalekoak aritu ziren, igande arratsaldean jubenilen txanda ailegatu zen eta bertan aritzea ezinezkoa zen. Gure Txokoak dioenez, «oraindik ez dakigu arbitroak nola ez zuen partidua bertan behera utzi».
Horregatik, hilabete batez bederen, Berako Gure Txokoako futbol taldeek Lesakako Mastegi futbol zelaian arituko dira. Alde horretatik, Gure Txokoak eskerrak eman nahi dizkie Beti Gazteri eta Lesakako udalari, «guk euren zelaian aritu ahal izateko erakutsitako aldez aurretiko joera onarengatik».