Berako Udalaren eta Goiener energia kooperatibaren arteko hitzarmena sinatu zuten uztailaren 17an Beralandetan Marisol Taberna alkateak eta kooperatiba horretako Joanes Maizak. Berako Udala da GoiEner Energia Kooperatibako bazkide egin den lehendabiziko udala.
GoiEner irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, %100ean energia-eredu berriztagarrien alde lan egiten duena, eta egungo eredu energetikoa aldatzeko asmoa duten ehundaka lagun biltzen dituena bere baitan.
Bazkide-kolaboratzailea egiteaz gain, Berako udalak konpromisoa hartu du GoiEner energia merkaturatzen hasten denean, eurekin batera aztertzeko udaleko zein energia-kontratu egin euren bidez. Horrez gain, eta egitasmo horrekin lotuta, Alkateen Itunarekin bat egin zuen Udalak. Energia-isurketak murrizteko kopromisoa biltzen du itun horrek. Hala, 2020. urterako, energia-kontsumoa murriztu; energia eraginkortasuna %20a handitu edo hobetu; eta energia-eskariaren %20a, gutxienez, energia berriztagarrien bidez aseko du Herriko Etxeak. Helburu horiek lortze aldera, ekintza plana garatuko du Udalak, baita gaiarekiko sentsibilizazioa sustatu ere.
Biomasa
Jasangarritasunaren helburu horrekin bat, uztailaren 2ko ez ohiko udal batzarrean, zenbait eraikin publikoetan gasoliozko 4 galdara eta gaseko baten ordez 2 biomasakoak jartzeko proiektua gauzatzeko obrak eta instalazio hau martxan jartzen denetik urte batean bere mantenua eta laguntza teknikoa kontratatzeko espedientea onartu zen ahobatez. Horretarako, gutxienez, hiru enpresei gonbidapena luzatuko zaie haiekin kontsultatu eta negoziatzeko. Batzar berean, biomasa galdarak jartzeko Nafarroako Gobernuak aurten jarri beharreko diru ekarpen handiagoarengatik diru-sarrera honek sortutako kreditua ere onetsi zen.