Inude eta Artzaiek bere lana bete zuten inauterietako igandean Beran. Azken asteetako eguraldi euritsuak igande goizean eman zuen atsedenaldia aprobetxatuz, 40 bat bikote osatu ziren eta giro onean egin zuten goizeko ibilbidea, Eztegara frontoitik abiatuta. Ikusi bideoa Eztegara, Kanttonberri eta Itzean barna dantzan ibili ondotik, Herriko Etxeko Plazan egin zuten emanalditxoa. Ikusi argazkiak
Iñude eta Artzaiei lagun eginez, beti bezala Momo Erregea eta bere pajeak zeuden, Hegoa Telletxea, Xamal Vazquez eta Luka Remiro aurtengoan. Hauek, iñude eta artzaiek lerroak zuzen mantentzeko eta belaunak ongi igotzeko erraten zieten behin eta berriz. Gainera, Momo Erregeak, iñuderen bati maindirea itsatsi zitzaiola ikusirik, dantza egin zuen bikoterik gabe gelditutako artzainen batekin. San Esteban elizarako eskailerak aprobetxatu zituzten, beti bezala, familiako argazkia ateratzeko.
Hiru dantza izaten dituzte Inude eta Artzaiek, Medikua iñudiakin dagoeneko agerraldia, eta Lehenbizko eta bigarren kontradantza. Horretaz gain, inude eta artzaien ahots urratua aditu zen, Bestarik behar bada eta Armeniako artzaiak kantuetan. Gainera, Inudeak eta Artzaiak martxarekin ibili ziren, beti bezain dotore ageri ziren musika bandaren doinuekin. Herriko Etxeko Plazatik, San Esteban karrikan barna, Bidasoa karrikara sartu eta Agerra bitarteko ibilbidea egin zuten, elkartean hameketako dotorearekin indarrak berreskuratzeko.
Arratsaldean, ongi bazkaldu ondotik, berriz ere Eztegara eta Altzate arteko ibilbidea egin zuten, baina oraingoan ez zuten hain eguraldi txukuna izan. Kontuak kontu, duela 35 bat urte berreskuratutako ohiturari eutsi zion aurten ere Gure Txokoa dantza taldeak.
Inauterietako Astelehenean, goizeko Zingar Arraultz eskearen ondotik karrozen desfilea egin zen Berako karriketan eta honenbertzez bukatu ziren inauteriak Beran ere.