Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Zazpikoloroa ikuskizuna eskainko dute apirilaren 21ean, larunbat arratsaldeko 18:00etatik aitzinera Eztegara pilotalekuan. Biltzen den dirua, Arantzako Pelle Ttiki Haur Eskola laguntzeko izanen da.
Mila sarrera salgai paratu dira 7 eurotan: Pabloenean, Beran (Errekalde), Lesakan (Atxaspi), Donezteben (Titi), Elizondon (Fantxike), Igantzin (La Villa), Etxalarren (Herriko), Sunbillan (kanpinean), Urdazubin (farmazia) eta Irunen (AEK). Pelle Ttikitik jakinarazi dutenez, salmenta ongi joan da eta larunbaterako 100 bat sarrera geldituko dira, bertan salduko direnak.
Pelle Ttikik dituen gastuak arintzeko ekitaldi garrantzitsua izanen da. Koldobike Gorostiza Pelle Ttikiko hezitzaileak aipatu digunez, «Pelle-ttikiko hainbat txoko egokitzeko asmoa dugu, higiena txokoa egokitu egin behar da eta lehengo gauza hau izango da, gero zerbait gehiago egiteko aukera badugu hobe! material berria erostea ere gustatuko litzaiguke, psikomotrizitatea bultzatzeko kuxinak, uztarriak…». Momentuz, txartel salmentaren arabera, sekulako erantzuna izanen du.
Bertze alde batetik, 2012-2013ko ikas urteari begira, maiatzaren 5ean, goizeko 12etan, Pelle-ttikin, proiektuaren egunerokotasunaren berri emango da. Gurasoak, amatxi-atautxiak, izeba-osabak... gonbidatuak daude.