LAB sindikatuak langabeziaren aurkako mobilizazio eguna deitu du otsailaren 17an. Ortziral eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa egin du Berako Zalaingo poligonoan, lelo honekin: “Nafarroan 50.000 langabetu baino gehiago, nahikoa da! Lana banatu, Ondasuna banatu”.
LABek idatzian aipatu duenez, “langileok ezin gara geldi egon arazo larri honen aurrean eta egoera horretan dauden kideei babesa eta elkartasuna adierazi behar diegu”. LABen erranetan, ezin da onartu Nafarroako Gobernuak egiten duen diskurtsoa, “langabezia fenomeno metereologikoa balitz bezala hartzen baitu. Langabezia patronalaren diru-gosearen opndorio da, baita UPN eta PSNren Gobernuak hartutako erabakien ondorio ere. EREak sinatuz edota murrizketak aplikatuz, langabezia areagotu egin dute bi alderdi horiek”. LABen ustez, “egoera hau salatu behar dugu, hitzez eta ekintzez. Lan duina eskatzen dugu, gizon eta emakume ororentzat. Lana eta ondasuna banatu dadila”.