Mugaz Gain Haur eta Gazteen antzerki topaketak segida izanen du ortzegun eta ortziralean Beran

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 19a

Ortzegun eta ortziral arratsaldean, emanaldiak ateak zabalik eskainiko dituzte Berako taldeek. TTIPI TTAPA

Bortzirietako zenbait ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleen txanda izanen da

Antzerkia eta Eskolak Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako XVI. Mugaz Gain Antzerki jaialdiak segida izanen du ortzegun eta ortziralean Berako Kultur Etxean.

Joan den astean, Bortzirietatik kanpoko DBHko ikasleek parte hartu zuten eta maiatzaren 20 eta 21ean Bortzirietako zenbait ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleak izanen dira antzezle. Eskolan egiten den antzerki lana zabaltzea eta jendea antzerkia ikustera heztea du helburu jaialdi honek eta sarrerak euro batean izanen dira.

 

Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikoko ikasleek “Elurte handia” antzeslana eskainiko dute ortzegunean 12:00etan eta Jesusen Bihotzakoek “Anaia konkordunak“ 15:00tan.

Ortziralean, 10:00etan, Berako Labiaga ikastolakoek “Kontuz otsoak... auuu” antzeslana eskainiko dute 10:00etan, Igantziko eskolakoek “Itzultzeko asmoarekin” 12:00etan eta Berako Ricardo Barojakoek “Uraren bidean barrena” 15:00etan. Emanaldi hauek ikasleei zuzenduak daude, baina bai ortzegunean baita ortziralean ere ateak zabalik izanen diren emanaldiak eskainiko dituzte Berako taldeek 18:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun