Berako V. Mendi Maratoi Erdian izena emateko epea zabalik

Utzitako argazkiak 2009ko mar. 3a, 09:29

Txus Unsion Saharako Maratoian. TTIPI TTAPA

Aurten, 15-17 urte arteko kirolariek 6,6 kilometroko lasterketa egiteko aukera ere izanen dute

Lasterketa apirilaren 19an izanen bada ere, Berako Maratoi Erdiaren bortzgarren edizioan izena eman nahi duenak dagoeneko egin dezake. Lasterketa antolatzen duen Manttale Mendi Lasterketa Taldeak martxoaren 2an, astelehenean, ireki zuen epea eta hilaren 27a bitarte izanen da aukera, ez bada aitzinetik 400 parte-hartzaileren muga betetzen.

Ibilbide berdina

Ibilbidea aitzineko urteetakoaren berdina izanen da: 2.420 metroko desnibela eta 21 kilometroko luzera izanen ditu. Oraingoz, gizonezkoetan Ionut Zinkarena da markarik onena (1:41:27) eta emakumezkoetan Alizia Olazabalena (2:07:05). Zinkaren marka hobetzen duenak 300 euroko aparteko saria jasoko du, eta horrez gain, Ibardinera lehenengo ailegatzen denak 150 euro jasoko ditu. Maratoiko lehen hiru sailkatuek, berriz, emakumezko zein gizonezkoek, 250, 150 eta 100 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Lasterketa goizeko 9:30ean abiatuko da kiroldegitik eta federatu nahiz federatu gabekoei irekia dago. Izena emateko www.manttale.com web orrian egin behar da, eta 20 euro ordaindu behar dira eta horren truke, lasterketan ateratzeaz gain, korrikalari-poltsa bat eskuratu eta sarien zozketan parte hartzeko aukera izanen da.

Gaztetxoentzat lasterketa

Aurten, berrikuntza gisa, 15-17 urteko gazteentzat ere lasterketa antolatu du Manttalek. Kiroldegitik abiatu eta Ibardinera bitarte 6,6 kilometroko bidea egin beharko dute. Izena aipatu web orrian eman behar da, sei euro ordainduta eta irteera, helduek baino 5 minutu beranduago izanen dute.

Txus Unsion Saharako

Bertze aldetik, Manttale taldeko Txus Unsion beratarrak Saharako Maratoian parte hartu zuen otsailaren 23an Aljerian. Aipatzekoa da Unsion bigarren izan zela 2008an, Euskal Herriko Kopako beteranoen mailan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun